Iraia OIARZABAL

Herritarrek isilean gordetako hautetsontzien bila

Non daude hautetsontziak? Galde horri erantzun nahian ibili da Gobernu espainola, eta haien bila itsu-itsuan Polizia. Ezin ordea 6.249 hautetsontziak topatu. Susmoak eta konspirazioak tarteko, misterioa argitu zen igandean: herritarren babesean zeuden.

Zalantzaz beteta argitu zuen egunak igandean. Goizeko lehen orduan hauteslekuetara inguratu ginen kazetari askok egiten genuen galdera: iritsi ote dira hautetsontziak? Azken asteetan Gobernu espainolaren aginduz haien bila jo eta su ibili da Polizia, ezin asmatuan. Horrek konspirazio eta hipotesietarako tarte handia ireki zuen, eta azkenean erantzuna inork uste baino sinpleagoa izan da. Herritarren babesean zeuden igandean erabilitako 6.249 hautetsontziak, eta haien eskutik iritsi ziren behar zuten tokira.

Kasu batzuetan plastikozko poltsa beltzetan iristen ziren hauteslekuetara, herritarren eskutik eta eskolak ireki baino minutu batzuk lehenago. Beste batzuetan, jendearen arreta piztu gabe hauteslekuan agertu ziren, mahai gainean jarrita. Beharbada jendeak erreparatu gabe sartu zituztelako barrura. Edo baliteke hauteslekuan egotea bezperatik. Ziurrenik noizbait argituko dira nola egin ziren mugimendu hauek guztiak.

Edonola ere, urriaren 1eko erreferendumak irakaspen asko utzi ditu. Horietako bat, irudimena eta diskrezioa beharrezkoak direla bide ofizialak ixten zaizkizunean. Espekulaziok nonahi agertu dira hautetsontzien gordelekuari buruz, erakunde ofizialetan, biltegietan... era guztietako lekuak aipatu dira. Baina azkenean ez ziren ez bat, ez hamar ezta hogei ere inplikatutako pertsonak, ehunka baizik.

Erreferendumaren biharamunean, zenbait komunikabidek azaldu zuten istorio berezi honen mamia. “Ara” egunkariak kontatzen duenez, isiltasuna eta antolaketa izan dira Generalitateak erositako hautetsontziak Poliziaren eskuetatik salbu edukitzeko gakoak. Autoetako maletategiak eta sotoak, horiexek izan ziren plastikozko kutxa zuri-beltzen gordelekuak. Eta zaindariak, milaka herritar anonimo eta konprometitu.

Txinatik Ipar Kataluniara

Elna herrira jo behar dugu istorio honen jatorria ezagutzeko. Bertara iritsi ziren hautetsontziak, “Ara”k aipatzen duenez, erreferendum eguna baino hiru bat aste lehenago. Ipar Katalunia eskualdeko herri honetara heldu ziren Txinan fabrikatutako hautetsontziak. Iturri beraren arabera, Smart Dragon Ballon Expert enpresa txinatarrak baieztatu zuenez, Estatu frantsesetik 10.000 hautetsontziz osatutako eskaera bat jaso zuen. Hain justu, Govern-ak erabili dituenaren berdinak ziren eskatutako kutxak.

Harrigarria badirudi ere, ez da filtrazio txikiena ere gertatu ehunka pertsona inplikatu dituen eginkizun honetan. Hautetsontziak jaso, gorde eta banatzeko antolaketari ekin zioten lehenengo. “Ara”k aipatzen duenez, herri bakoitzean erreferendumaren koordinatzaile bat zegoen, eta bera arduratzen zen herri horretako azpiegitura guztia antolatzeaz. Alkatetza independentisten kasuan, alkateak erabakitzen zuen nor izango zen zeregin honetaz arduratuko zena. Kasurik gehienetan, kate begi ezberdinetako prozesu honetan, ANC-ko edo Governeko alderdietako (ERC eta PDeCAT) kideak ziren herrietako koordinatzaileak, herriko gazte eta herritarren laguntzarekin.

Hortik aurrera, koordinazioa eta komunikatzeko bide eraginkor eta diskretuak behar izan ziren. Gobernu espainolaren begirada bizkarrean, edozein mugimenduk susmoa pizten zuenean, ez zegoen despisteetarako tarterik. Hala, sei mila hautetsontzi horiek sakabanatu eta gordetzeko konfiantzazko pertsonengana jo dute operazio «klandestino» honen koordinatzaileek. Materiala etxeetan, garajeetan, autoko maletategietan, dendetan... gorde izan dute herriz herri furgoneta eta autoetan banatzeko.

Komunikazio bideen interbentzioa hain erraza den garai hauetan, zaila dirudi sinistea Estatuak inongo pistarik deskubritu ez izana. Irizpideak aurrez aurre ematen ziren kasu gehienetan, Whatsapp bidezko mezuak ez baitira oso seguruak. Edonola ere, egunkari katalanak nabarmentzen duenez, aurrez aurreko elkarrizketetan telefonoa itzalita izaten zuten, kanpoko belarriluzeren batek informaziorik antzeman ez zezan.

Aurpegi anonimoak izan dira plan honen egileak. Eta anonimotasun eta diskrezio horiek egin zuten posible joan den igandean hautetsontziak herritarren esku jartzea, bidean errepide kontrolak eta miaketak saihestuz. Gobernua, erakunde independentistak eta herritarrak elkarlotu ditu prozesu honek. Indarrez erreferenduma gelditu nahi izan duen Gobernu baten parean, ehunka herritarren inplikazioak lortu zuen azkenean hautetsontziak mahai gainean jartzea.