Zaporetsua izan da, Arabar Errioxako parajeak merezi bezalakoa, Bastidako kiroldegian jokatutako lehen finalaurrekoa. Sei botilen artean, Sustrai Colinarena izan da garaile. «Biba zuek entzule despedida gisan/ bolak haunditzen segi dezala pendizan/ nik sinetsi nahi nuke mahastien gerizan/ aukeratzen dugula garena bizitzan/ ta zuek harritzeko konfiantza izan», abestu du urruñarrak azken agurrean.
Kartzelako lana izan du borobilena, bigarren egin duen Igor Elortzak bezalaxe. Honako gaiari kantatu behar izan diote: Ez duzu gonbidapenik jaso, baina joatea erabaki duzu. Doinu berriarekin, dotore hasi da Colina: «Tabuak min direnean minak ote dira tabu/ maitasunean jokatu behar al da beti ondradu/ bide berean joan arren azkenerako banandu/ berriz hutsetik hasteko inoiz ez baita berandu/ gaur urte bat bete duen seme txiki bat daukagu/ merendola egin duzu txokolate ta mokadu/ gugan daukagun zornea familira al dakargu/ pelikulako gaiztoa norbaitek izan behar du».
Eta hala amaitu du, semearen urtebetetzera doan aitaren ahotsetik: «Tinbrea jo dut dardarka inurrituta sabela/ ta eskerrak gaur huts-hutsik ekarri dudan sakela/ ni gabe ongi apainduta baitaukazu egongela/ kantatuta putz egin du semeak lehen kandela/ ziur nago egun batez konprenituko duela/ pelikulako gaiztoa maitatu litekeela/ nahiz bizitzan dena ez den ateratzen nahi bezela/ inportanteena jaustean berriz zutitzea dela».
Elortzak ere doinua estreinatu du, dotore eta fin. Istorioan sartuta adi-adi izan gaitu hasieratik bukaerara. «Egunkarian ikusi nuen gure nausi aberatsa/ humanismoaz elkartasunaz bere diskurtso zehatza/ egia baina ez da argazki hura zen bezain aratza/ azkenerako nire aukera ailegatuko da antza/ garai batean lantegi hori nuen bizitza ardatza/ orain kalean egonagatik berriz banoa harantza/ hotz zerbitzean izaten ei da eta onena bengantza», izan da lehena. Eta hirugarrena: «Langabeziak bat ipintzen du ia urkatzeko sokan/ nirea lako zenbat famili utzi dituzten kolokan/ ta ez genuen ezertxo lortu nahiz eta egin borrokan/ egun honekin amets egin dut lotan zein esna askotan/ azkenerako nago ametsa egia bihurtzekotan/ ze aurpegiak izango diren gaurko ospakizun hortan/ mikroa hartu ta hau guztia kontatuko dut bertsotan».