NAIZ
MADRIL

Deklaratu ostean aske dira Madrilen deklaratu duten 12 gazteak

Martxoaren 11n Iruñean izandako manifestazioaren harira Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu dituzte beste hamabi gazte. 12.30ak aldera irten dira guztiak deklaraziotik. Beste bost adin txikiko ere auzi beragatik deklaratzera deitu dituzte.

Auzi beragatik espetxean diren Oreretako hiru gazteren askatasunaren aldeko manifestazio bat.
Auzi beragatik espetxean diren Oreretako hiru gazteren askatasunaren aldeko manifestazio bat.

Euskal Herrira bueltan dira gaur goizean Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, deklaratu behar izan duten 12 gazteak. Iruñean martxoaren 11n izan zen manifestazioaren harira deitu dituzte deklaratzera, Ikasle Abertzaleak taldeak Twitter bidez atzo jakinarazi zuenez.

Espainiako salbuespen auzitegian hainbat gazteren babesa izan dute gaur deklaratu behar izan dutenek.

Hamabi hauez gain beste bost adin txikiko ere deitu dituzte deklaratzera hurrengo egunetarako.

Martxoaren 11ko manifestazio horrekin loturik atxilotu zituzten Oreretako lau gazteetatik hiruk espetxean jarraitzen dute.

Ikasle Abertzaleek euren elkartasuna adierazi diete lau auzipetu horiei, gaur deklaratu duten hamabiei eta deklaratzekotan diren gainerako bostei, «Kapitalismoa suntsituz, 21ak aske! Ikasleok zuekin gaude!» mezua zabaldu dute. Mezu berarekin gaur iluntzerako (19.00) kontzentrazioa deitu dute Oreretan.

Eleak mugimenduak ohar bidez salatu du gazte hauek deklaratzera deitu izana, «gazte hauek deklaratzera deitu izana, Estatuak duen epaiketa politikoekin jarraitzeko erabakia azpimarratzen du», euren ustez. Eleak-en ustez «frankismotik gaur egunera garatu den armategi errepresiboak indarrean jarraitzen du» eta «salbuspen epaitegiak, legedi antiterroristak, inkomunikazioak...» espainiar ordenamentdu juridikotik desagertu behar dutela.

Sorturen salaketa

Sortuk ohar bidez salatu du «salbuespen legediek eta politikek indarrean jarraitzen dutela» eta «aurreko ziklo politikoa betikotzeko Estatuak duen interesa». Hartara, auzipetutako guztiak kargurik gabe utzi edo auzibidea Iruñeko epaitegietara itzultzeko deia egin du Sortuk. Martxoaren 11ko manifestazioaz, gogoratu du ez datorrela bat hura «antolatu zuten sektoreen analisiekin ez eta estrategiarekin ere» eta nabarmendu du «estrategia eraginkorrak gizarteko sektore zabalen atxikimendua jaso ditzaketenak» direla, Katalunia adibide gisa jarriz. Auzipetuen senide eta adiskideei elkartasuna adierazi die.