Ramon Sola
BARTZELONA

Govern-eko kideek kartzelako bidean eta bertan jasandakoarekin, zur eta lur Katalunian

Egun bakar bat aski izan da Katalunia aldean, espetxearen gogortasunaz ohartarazteko. Govern-eko sailburuek Poliziaren partetik eta kartzelara heltzean izandako tratu txarraren zehaztasunek, abokatuek telebista bitartez jakinarazitakoek, harridura eta egonezin handia eragin dute. Carlos Mundo kontseilariak zauriak ditu eskumuturretan, eskuburdinen ondorioz.

Espetxean dauden kontseilarien askatasuna eskatzeko pankarta. (Josep LAGO/AFP)
Espetxean dauden kontseilarien askatasuna eskatzeko pankarta. (Josep LAGO/AFP)

Herri bakoitzak bere aurrekariak ditu, eta ondorioz Katalunian edozein indarkeriarekiko bizipen eta sentipenak ez dira Euskal Herriaren berdinak. Argi geratu zen hori Urriaren 1eko erreferendumaren aurkako poliziaren oldartzeak gertatu zirenean (zaurituei omenaldiak egin zaizkie eskola ugaritan), eta argi ari da gelditzen berriro Estatua espetxea erabiltzen hasi denetik. Oihartzun handia ari da izaten, guztiz eskandalagarria jotzen baita, lehenik Jordi Sanchezek eta Jordi Cuixartek eta orain Oriol Junquerasek eta gainerako zazpi kontseilariek izandako tratu negargarria. Esan gabe doa hurrengo lerroetan agertuko diren gertaerak ez direla arrotzak izaten Euskal Herrian:

Espetxerako bidean: Sailburu gehienak –ez guztiak, antza denez– eskuak eskuburdinekin bizkarrean loturik eraman zituzten Madrilgo Auzitegi Nazionaletik Estremerako kartzelara (67 kilometro). Jaume Alonso Cuevillas abokatuak TV3ko kameren aurrean irudikatu du eramateko modua, edonori hori zein deserosoa den egiaztatzeko proba egiteko gonbidatuz. Carlos Mundo Justizia arloko sailburuak zauriak ditu eskumurruetan, horren ondorioz; sendagileek txostena egin dute eta Espetxe Zuzendaritzaren aurrean nola salatu ari da aztertzen.

Guztiz harriturik daude abokatuak, gainera, bidaia horretan segurtasun gerrikoa ez zietelako jarri atxilotuei, horrekin trafiko arauak bortxatuz. Aipagarria da, hemen, Auzitegi Nazionalaren aurrean ziren poliziakideei grabatutako elkarrizketan, bidaia horiek abiadura handian egiten direla ziurtatzen dela: «Estos son los locos de Cannonball», dio poliziakideetako batek, barrez.

Espetxean izandako harrera: Alonso Cuevillasek berak salatu du Estremerara iristean sailburuak biluzarazi zituztela, «droga trafikanteak balira bezala». Bidaian zehar eta bertan, gainera, Espainiaren ereserkia ozen jarri zuten poliziek. Duela bi aste Sanchez eta Cuixart Soto del Realeko kartzelan sartu zituztenean ere harrera gunea espainiar bandera txikiekin apainduta aurkitu zutela esan dute, eta hori beraiek «agurtzeko» egina zutela funtzionariek.

Umiliazio saiakerak: Kataluniako hedabide guzti-guztietan asko zabaltzen ari da aipaturiko poliziakideen arteko elkarrizketan Oriol Junquerasi buruz egiten ziren aipamenak, bere itxura fisikoaz barre egiten eta espetxean sexu gehiegikeriak jasango dituztela esanez, txantxa modura-edo. Poliziak barne ikerketa zabaldu duela esan du, baina baliteke filtrazioa bertatik sortu izana, Goven-eko presidenteordea umiliatzeko asmoz-edo. Gauza bera gertatu baita Jordi Sanchez ANCko bururarekin. Zenbait hedabide espainiarrek, beraz barre egiteko helburu nabariaz, bere espetxekideak ziega aldaketa eskatu zuela zabaldu dute, «proces»az baino ez hitz egiteaz «nazka-nazka eginda» zegoelako Sanchezi jarritako «auzokidea». Presoaren bertsioa ez dago jakiterik, noski.

Zitazioak: Andreu van den Eyndek, Junqueras eta ERCko beste sailbururen abokatuak, bi hamarkada luzeetan agerraldi bat prestatzeko inoiz ez duela horren epe motzerik adierazi du. Eta zinez zaila izango litzateke horrelakorik aurkitzea, Govern-eko kideak ostegunean Madrilera joan zitezen zitazioak astearte gauean edota asteazken goizean jaso zituztelako (asteazkena, gainera, jai eguna zen). Euskal Herrian ere nekez aurkitu da holakorik, baina neurri handi batean «terrorismoa» delitua egotzi denean ia beti zitaziorik gabe, atxilotuta, eraman dituztelako auzipetuak Madrilera.

Eta sabanaketaren arriskua: Momentuz Estremeran baturik dira Govern-eko gizonak eta Alcala-Mecon emakumeak, baina lehenengo asmoa kartzela ezberdinetan sakabanatzea zen eta bakoitza nora eramango zuten ere zehaztera heldu zen. Gogoratu daiteke, adibidez, Bateragune auziko bost kideak lehenik elkarrekin izan zituztela Estremeran bertan, eta hortik hilabete batzuetara banatu egin zituztela. Hala ere, sakabanaketa baino larriagoa izan daiteke urruntzea. Sanchezek eta Cuixartek dagoeneko adierazi dute Kataluniako espetxeetan egon nahi dutela, baina ikusteko dago Madrilek baimenduko duen.