GARA
BILBO

Bizitza hobe baten bila bizitokia utzi behar izan dutenen gainean ariko da Zinexit Bilbon

Gaurtik ostegunera bitartean bost film eskainiko ditu Zinexit-ek, jatorri desberdinekoak baina gai bera jorratzen dutenak: zalantzagarria den etorkizun baten aurrean, etxea utzi behar izan dutenen drama.

Zinexit.
Zinexit.

Zinexit Elkarbizitzaranzko Zinema Erakusketaren zortzigarren edizioa izango da gaurtik ostegunera bitartean Bilbon, eta gai bera jorratzen duten bost film proposatuko ditu, jatorri ezberdinekoak: zalantzagarria den etorkizun baten bila abiatzeko etxea utzi eta ihes egitera beharturik, gero eta gizaki gehiagok bizi duten bidaia arriskutsuaren eguneroko drama jorratzen dute film guztiek.

Zikloaren aurkezpenean, Lakuako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernandok hau azpimarratu zuen: «Mediterraneoa milaka lagun errugabe eta etsiren hobi komuna bihurtzen ari den une honetan, munduan zehar errefuxiaturik daudenek, eta batez ere europar mugetara iristen direnek, bizi duten krisi humanitarioa ahaztu ezin dugun une honetan, ezinbestekoa da Zinexit bezalako ziklo batek migrazioen, babes eta asiloaren gaia, ikuspuntu desberdinetatik jorratzea».

Hala, gaur, Tonislav Hristov-en “The good postman” filmak irekiko du zikloa, Turkiako mugan dagoen Great Dervent bulgariar herrixkaren gainean hitz egiten duen pelikula. Bihar, Moritz Siebert eta Estephan Wagner-en “Les sauteurs” film saritua emango dute: zuzendariek Abou Bakar Sidibe-ri bideo-kamera bat utzi zioten Europako mugan, bidaiaren azken etapan immigranteek bizi duten egoera ikaragarria filmatu zezan.

Asteazkenean Michael Koch-en “Marija” emango da eta ostegunean Skye Fitzgerald-en “A 15 metros bajo Siria” eta Unax Blancoren “Zuk” euskarazko dokumentalaren estreinaldia izango dira Zinexit zikloko protagonistak.

Filmen emanaldiak Bilboko Alondegiko Golem zinemetan izango dira, 19.30etik aurrera, eta horien ostean pelikuletako zuzendari edota protagonistekin solasaldia izateko aukera egongo da. Sarrera nahi duen guztiarentzat dago zabalik eta doan, lekuak bete arte.