NAIZ
ANDOAIN

Andoaingo Udalak Kataluniako Errepublika aitortu du

EH Bildu eta EAJk adosturiko mozio baten bidez, Andoiango Udalak Kataluniako Errepublika «aitortu eta errespetatu» egiten duela aldarrikatu du. «Afektua erakutsi» dio ere.

Honekin batera, Andoaingo Udalak Kataluniako herritarren borondatea errespetatzen exijitu du, «behin eta berriro hautesontzietan, modu demokratikoan» adierazi dutela gogoratuz.

Bide batez, Kataluniako herritarrak zoriondu ditu Andoaingo Udalak, hango gizarte eragile, erakunde eta alderdiekin batera. «Modu berezian azken urteetan Giza Eskubideak, bakea, demokrazia eta askatasuna defendatuz izugarrizko ausardia eta konpromisoa erakutsi dute hautetsi guztiak zoriondu nahi ditugu. Eredu dira guretzat», gaineratzen du mozioak.

Honekin batera, «Estaturik gabeko nazio guztiek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea» aldarrikatu du ere Andoaingo Udalak. Horregatik, deia egiten diete Euskal Herriko alderdiei «akordio batera iristeko eskubide hau Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren autogobernu ponentzian jasotzeko».

Mozio hau, Kataluniako Generalitatera, Parlamentura eta Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkartera (AMI) igorriko dute.

Mozioa EH Bildu eta EAJren bozkei ezker atera da aurrera. PSEk, Ganemos eta Irabazik aurka bozkatu dute, atxikitu gabeko zinegotzia (PSEtik alde egin zuena) bozketan àrte hartu ez duelarik.

Ganemos eta Irabazik beste mozio bat aurkeztu dute, baina ez da onartua izan. Bertan, independentziaren eta 155aren aurka egiten zuten. Generalitatea eta Madrilgo Gobernua «tentsio maila jaistera» deitzen zituen.

Amasa-Villabonako Udalak ere Kataluniako Errepublika aitortu zuen joan den astea, EH Bildu eta EAJk adosturiko beste mozio batean.