Dena prest ikusmin ikaragarria sortu duen igandeko Lau eta Erdiko finalerako. Pilotekin ere ez da inolako arazorik izan eta bi pilotariek bilatu dutena aurkitu dute, nahiz eta Jokin Altunari gehixeago kostatu zaion bilatu dituen pilotak aurkitzea. Asegarcekoak 105,8 eta 106,2 gramotakoak aukeratu ditu eta Aspekoak aldiz, 105,9 eta 106,1 gramotakoak.
Hori bai, biek topatu dute bilatu duten materiala eta, aurretik behintzat, oso argi utzi dituzte euren intentzioak. «Ez da inolako arazorik izan, bakoitzak bere joko erara gehien moldatzen diren pilotak aurkitu ditu. Nireak biziagoak dira, lurretik gehiago ibiltzen diren horietakoak, baina jokatzeko egokiak dira denak» azaldu du Mikel Urrutikoetxeak. Zaratamokoak esan duenez, hatzak gero eta hobeto du, baina igandean babes bereziarekin jokatuko du, finalerdietan egin bezala.
Jokin Altunak bere aldetik, aurkariaren pilotak «nireak baino dezente biziagoak» direla nabarmendu du. «Ez dut izango txarrak direnik baina bai oso desberdinak, lurrean urrutirago joango direnak». Amezketarrak ahaztua omen du erabat Lekunberriko partida eta gauzak oso zail izango dituela ondo dakien arren, «dena ematera etorriko naiz». «Pilotaz ulertzen duten guztiek bera ikusten dute faborito garbitzat eta niri ere hala dela iruditzen zait, baina nireaz arduratu behar dut, partida izugarria egiten badut aukerak izango ditut». Hori bai, badaki beste aldetik erregalurik ez duela izango. «Badira pilotari irregularragoak, baina Urrutikoetxeak beti ematen du gutxienez bere %80a, baita egun handienetan ere, eta Mikel Urrutikoetxearen %80 hori ikaragarri da».
Momentuz, dirua nabarmen irtengo da bizkaitarraren alde, 100-60rako momioekin