NAIZ

Karmela gune autogestionatuaren bigarren urteurren festa

Bisita gidatuak Santutxuko Karmela gune autogestionatua ezagutzeko, herri bazkaria eta Deiedra taldearen kontzertua dira antolaturiko ekitaldi aipagarrienak. Larunbat honetan, azaroak 18, ospatuko dute urteurren festa.

Karmela, bigarren urteurren festa.
Karmela, bigarren urteurren festa.

Larunbat honetan, azaroak 18, Karmela gune autogestionatuaren bigarren urteurrena ospatuko dute Santutxuko auzoan.

Komunikabideetara bidalitako oharrean gogoratzen dute, Karmelo ikastola zena bi urtez hutsik egon ostean «berpizteko garaia iritsi zitzaion, eta badira beste bi urte Karmelo Karmela bihurtu dela».

Bi urte hauetan ikastolan egon ziren askok -guraso, ikasle, irakasle, sortzaile...-, auzokide eta beste hainbat pertsonekin batera «proiektu berritzaile, eraldatzaile eta parekidea» sortzen ari dira; «betiere oinarri asanbleario, antikapitalista, euskaldun eta herrikoia izanik».

Tailer eta ekintzen bitartez Bilbok dituen hutsuneak betetzea dute helburu, «guztion partehartzea eta ideiak beti ongietorriak izanik». «Bi urte hauetan gauza asko lortu izan ditugu, baina oraindik ere gauza asko ditugu lortzeke, horrexegaitik asanbladan besoak zabalik ditugula lanean jarraituko dugu mundua auzotik aldatzeko», nabarmendu dute. 

Egitaraua

10.00etan prestaketa lanak hasiko dira, 11.00etan tailerrak eta 12.00etan bisita gidatua eta serigrafia tailerra. Bakoitzak bere arropak ekartzea eskatu dute. Horren ostean ekitaldia egingo dute informazioa emateko eta gaiteroak eta Kontakt jam session izango dira.

15.00etan herri bazkaria egingo dute. Izena emateko infogunean edo kudeaketa@karmela.eus e-mailean. 17.00etan kontzertua eskainiko du Deiedra Rebel Folk taldeak.