NAIZ

Gabon aroari hasiera emango diote Udaletxean argiak piztuz

Arratsaldeko 20.00etan Aburto alkateak eta Bilbao Dendak-ekopresidente den Aitor Elizegi sukaldariak, Musika Eskolako ordezkariekin batera Gabonetako argiak piztuko dituzte Udaletxean. Iragarri dutenez, 400 ekitaldi kulturaletatik gora antolatu dituzte abenduan zehar.

Xabier Ochandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia, Itziar Urtasun Jaiak Saileko zinegotzia eta Nekane Alonso Kultura Saileko zinegotzia. (Bilboko Udala)
Xabier Ochandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia, Itziar Urtasun Jaiak Saileko zinegotzia eta Nekane Alonso Kultura Saileko zinegotzia. (Bilboko Udala)

Asteazken ilun eta euritsu hontan iritsiko da Bilbora Gabonetako magia. Xabier Ochandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak, Itziar Urtasun Jaiak Saileko zinegotziak eta Nekane Alonso Kultura Saileko zinegotziak agerraldia egin dute gaur goizean garai honetarako antolatu dituzten 400 kultur jardueren berri emateko.

Arratsaldeko 20.00etan hasiera emango diete Gabonei Udaletxeko eraikin nagusitik. Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, Bilbao Dendak elkartearen laguntzaz piztuko ditu Gabonetako argiak, aldi berean, hiriko barruti guztietan. Gabonetako argiak Bilboko Udaletxearen aurrean piztuko dira, eta ekitaldi sinbolikoan Bilbao Dendako presidenteak, Aitor Elizegik, eta Bilbao Musika Eskolako taldeetako ordezkariek ere hartuko dute parte, ekitaldia girotuz.

Argiak piztuta, hirian martxan jarriko den jarduera askoko egitarauari emango zaio hasiera, kaleak girotzeko, alboko herrietako eta lurraldeetako jendea erakartzeko eta herritarren eskura kultura eskaintza zabala jartzeko Gabonetako oporraldia dela eta.

Urtarrilaren 8ra arte, 1.200.000 LED argik baino gehiagok argituko dituzte hiriko kaleak eta plazak, igandetik ostegunera, 18.00etatik 22.00etara, eta 23.00etararte ostiraletan, larunbatean eta jai bezperetan.

Berritasun bezala, Gabonetako bola bat jarri da Bilboko Udaletxearen aurrean. Argiztatuta egongo da, eta barrutik ibiltzeko modua izango da. Argazkiak ateratzeko aukera egongo da. Aldi berean, 54 zuhaitzek Bilboko kaleak eta plazak apainduko dituzte.

Merkataritza guneak dinamizatzeko helburuarekin abenduaren 9an 30 kontzertu antolatu dituzte hiriko auzo ezberdinetan. Kalejira bat ere egingo dute Alde Zaharretik.

Abenduaren 15 eta 16an abesbatzen musikak girotuko dituzte kaleak.

Abenduan zehar gazteentzako jarduerak, antzerkia, musika eta ikuskizun andana antolatu dituzte auzoetan, Arriaga antzokian eta beste hainbat tokitan.

Olentzero eta Errege Magoak

Olentzero Bilboko kalteetan ibiliko da abenduaren 23ko (larunbata) arratsaldean. Kalejira 17.30ean hasiko da plaza Eliptikoan. Mari Domingirekin eta bidaia-lagun alaiekin batera, galtzagorriekin, Basajaunekin, Lamiarekin… Arriaga Antzokira iritsiko dira, eta bertan igaroko dute gaua, biharamunean hiribilduko umeei harrera egiteko.

Gabon Zaharra igarota, urtarrilaren 5ean, Errege Magoen Kabalgataren txanda izango da. Meltxor, Gaspar eta Baltasar Bilbora itzuliko dira argiz, soinuz eta kolorez beteriko gurdietan. Aurten ere, Errege Magoak Kale Nagusi osotik ibiliko dira udaletxeko eraikin nagusira iritsi arte, bertan jasoko baitituzte Bilboko familien eskutitzak eta nahiak.