NAIZ

Korrikaren sortzaileak omendu dituzte Euskararen Nazioarteko Egunaren harira

Bitor Allende, Alvaro Gurrea, Urtsa Errazti, Bittor Artola, Josepe Zuazo, Joseba Kanpo, Julen Kaltzada eta Enrique Ibabe -azken lauak hilda daudenez gero, haien senideek jaso dute lekuko pertsonalizatua- omendu ditu Bilboko Udalak orain dela 37 urte Korrika sustatzeagatik.

Udaleko ordezkariak Korrikaren sortzaile eta beren senideekin. (Bilboko Udala)
Udaleko ordezkariak Korrikaren sortzaile eta beren senideekin. (Bilboko Udala)

Bilboko Udalak omenaldia egin die Korrikaren sortzaileei Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Orain dela 37 urte ekimen honekin hasi ziren AEK-ko zortzi kideak omendu nahi izan dituzte eta egurrezko lekuko bana eman diete. Lekukoa pertsonalizatuta eta Bilboko banderaren koloreekin apainduta dago.

Bitor Allende, Alvaro Gurrea, Urtsa Errazti, Bittor Artola, Josepe Zuazo, Joseba Kanpo, Julen Kaltzada eta Enrique Ibabe. Azken lauak hilda daudenez gero, haien senideek jaso dute lekukoa.

Juan Mari Aburto alkateak eskerrak eman dizkie Korrika sortzen parte hartu zutenei eta nabarmendu nahi izan du Korrikaren 20. edizioa «une egokia da egindako lan bikaina aintzat hartzeko eta euskara arlo guztietan erabiltzera animatzeko». «Bilbok euskaraz bizi nahi du», azpimarratu du.

Euskararen Nazioarteko Egunean Bilboko alkateak eskakizun bat egin nahi izan die bilbotarrei: «egiten den lehenengo berba beti euskaraz izatea. Lehenengo berba euskaraz».

Bilboko Udalak 37 urteotan eta 20 ediziotan egindako ibilbidea omendu nahi izan du, euskararen alde lanean jarraitzera animatuz. Korrika Euskal Herriko gizartearen aldarrikapena bihurtu dela. nabarmendu dute.

Korrika sortu zenenik, Bilbo hainbat aldiz lasterketaren helmuga eta hasiera izan dela gogoratu dute.

Euskararen Nazioarteko Egunaren barruan egindako omenaldia bukatzean, Txistularien Udal Bandak Korrikaren abesti ezagunen interpretazio hunkigarria egin du.

Adierazpen instituzionala

Bilboko Udalak bat egin du HAKOBAk (Hizkuntza Politika gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordeak) Euskararen Nazioarteko Egunerako egin duen adierazpen instituzionalarekin. Testua sinatu dute Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Donostiako Udalak, Gasteizko Udalak eta EUDELek, denak baitira HAKOBAko kideak.

«Euskara auzolana» izenpean, euskararen erabileran aurrera egiteko kontzientzia piztu nahi da herritarrengan, euskara urteko 365 egunetan erabiltzeko.