NAIZ

Mendekuan oinarritutako espetxe politikarekin amaitzeko eskatu dio EH Bilduk Gobernu espainiarrari

Parisko manifestazioa eta Ibon Iparragirreren egoera izan ditu mintzagai EH Bilduk Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. Batetik, martxa «erraldoi» eta «arrakastatsua» goraipatu du eta, bestetik, presoaren eskubideak bermatuak izan daitezela eskatu du.

Julen Arzuaga, EH Bilduren legebiltzarkidea. (NAIZ.EUS)
Julen Arzuaga, EH Bilduren legebiltzarkidea. (NAIZ.EUS)

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, adierazpenak egin du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak Durangon. Bertan, besteak beste, Parisko manifestazioaz hitz egin du, baita larriki eri den Ibon Iparragirre presoaren egoeraz ere.

«Erraldoia» eta «arrakastatsua» izan zen manifestazioa Arzuagaren esanetan, bai alor kuantitatiboan nola kualitatiboan ere. «Deialdi zabal, anitz eta transbertsala izan zen», adierazi du. Era berean, Estatu frantsesari eginiko interpelazioa ekarri du gogora, baina nabarmendu du espainiar Estatua dela «giza eskubideak urratzen jarraitzen duena».

Iparragirreren kasuan, berriz, presoaren eskubide guztiak «bermatuak» izan daitezela eskatu du Arzuagak, eta gaineratu du haren aurkako «mendekua» bertan beherea geratu behar dela. «Pertsona guztien eskubideez hitz egiten ari bagara presoen eta, batez ere, gaixorik daudenen eskubideak bermatuak izan behar dute», aldarrikatu du, haren etxeratzea eskatzearekin bat.