NAIZ

Areatza eta plaza Barria hartuko ditu San Tomasetako azokak

Aurten San Tomas azokaren 70. edizioa izango da, 276 saltoki egongo dira, horietako 218 Areatza inguruetan eta 58 Plaza Barrian. Jai eremura joateko asmoa dutenek garraio publikoa erabiltzea gomendatu du Udalak.

San Tomas eguneraren inguruko antolakuntza ezagutzera eman dute. (Bilboko Udala)
San Tomas eguneraren inguruko antolakuntza ezagutzera eman dute. (Bilboko Udala)

Urtero bezala, Areatza izango da San Tomasetako azokaren gune nagusia. Hori dela eta, Zingira kalearen, Erribera kalearen eta Areatzako Zubiaren artean jai esparrua egongo denez, itxita egongo da ibilgailuen zirkulaziorako, zirkulazioan Aste Nagusiaren antzeko murrizketak eraginez.

Areatzako Pasealekuaren jai esparruan, guztira, baserritarrek egindako produktuak saltzeko 218 postu egongo dira. 

Plaza Barrian, berriz, baserritarren 58 saltoki jarriko dira. Kalkulatutakoaren arabera joan litekeen jendetzarekin lotutako edozein arrisku gutxitzeko, plaza Barrirako sarreran egoten diren edukiontziak kendu dituzte eta segurtasuneko langileak egongo dira bertaratuko direnen joan etorriak kontrolatzeko.

Plaza Barrira sartzeko arku guztietan, sartzeko bide bat eta irteteko beste bat egokituko dira eta aurrera-atzera erraz ibiltzeko moduan egongo dira uneoro.

Arriaga plazaren ondoan, postu bat ipiniko da Kutxabanken egutegia banatzeko eta kaseta bat jostailuak jasotzeko.

Areatzako aterpeetan osasunaren arloko gunea jarriko da: berehalako laguntza sanitarioa, anbulantziak eta segurtasuna koordinatzeko zentroa. Gainera, alde horretan salaketak jasotzeko bulego mugikorra izango dute udaltzainek egun osoan.