Eta zergatik eskatu euskaldun berri bati bertso txapelketari buruzko zutabe bat? Bertsogintzari “baldintza”-rik gabeko maitasuna adierazteko. Jakina, batzuetan ez dut tutik ulertzen! Hala ere, bertsoak entzutea plazera da: ixiltasunean hitz egokien bila, euskararekin jolas egin nahia (eta nire kasuan ezina), mezua, bukaera ahaztu gabe.
Hasieran, bertsoa sorginkeria iruditzen zitzaidan. Elkarrekin hizketan, bertsokidea zainduz zurea ahaztu gabe.
Suposatzen dut entzule bakoitzak bere argazki propioa irudikatuko duela bertso berezi baten ondoren. Baina euskaldun berriok sentitzen duguna desberdina dela uste dut; gutxiago ulertzen dugu eta, beraz, irudimenak zulo gehiago bete behar ditu, beste elementu batzuekin osatuz argazkia: doinua, tenplea, arnasa... Hitz batzuk bertso saio batean aurkitzen dituzu lehenengo aldiz. Zenbat eta hitz gehiago ezagutu, puzzlea osatzen joaten zara. Suposatzen dut irudi horiek hitz bihurtzen saiatzen direla bertsolariak. Eta konturatu naiz bakoitzak, bere euskalkia izateaz gain (oinarria), bere hizkuntza propioa ere baduela.
Nire laugarren bertso txapelketa izan da. BECekin batera estreinatu nintzen. Urte hauetan, bertsolaritza aldatzen ikusi dudala uste dut, euskara hobeto ulertuz joan naizelako ere bai, seguru asko. Andoniren habanotik ateratzen zen kearen eraztunetik, sua (Maddalen) eta Amets(ak) sortzen ikusi nituen. Eta azken lau urteotan gizartean egin den lanaren isla, gauza berriak gorpuzten joan dira.
Mila esker, Euskara irabazle, eta baita euskaldun berriak ere, eta azkenean denok gara euskaldun berri momenturen batean.