Jon Ormazabal

Altuna III.a-Martija, liderrago (14-22)

Urrutikoetxea-Aretxabaletak ere gora begira jarraitzen dute Olaizola II.a-Imazi Bilbon 22-15 irabazita.

Altuna, jotzeko prest, Labriteko partidaren une batean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Altuna, jotzeko prest, Labriteko partidaren une batean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Txapelketako bikoterik gazteena osatzen dute Altuna III.ak eta Martijak baina, beteranoek bezala jokatuta, lider bezala amaituko dute 2017. urtea, Victor-Albisuri 14-22 irabazita. Eta hori, euren kolpeari esker, Asegarcekoak 11-7 ere aurreratu direla Labriten.

Hala ere, Aspekoak ez dira urduri jarri, pilotak gastatu arte itxaron dute eta, behin euren materiala kantxan jarri ahal izan dutenean, Jokin Altunak beste erakustaldi bat eman du erasoan. Martijak ere bikain eutsi dio goitik behera erori den Albisu bati eta puntu garrantzitsua lortu dute.

Bilboko partida gurutze-bide bat izan da eskuina hasiera xamarrean izorratu zaion Ander Imazentzat. Gipuzkoarra gozakaitz eta urduri ibili da eta Mikel Urrutikoetxeak bikain probestu du 6-17 aurreratzeko.

Partida amaituta zegoela zirudienean, Aimar Olaizolak sakea hartu eta sake errematean arriskuak hartu eta asmatuta, lehia orekatzea lortu du, baina ordurako beranduegi zen. Astean zehar zalantza handiak izan dituen Andoni Aretxabaletak ere nahikoa justu amaitu du eskuinarekin.