Jon ORMAZABAL

Oreka lehen aldiz hausteko arriskua du jardunaldiak

Sei bikotek hiruna garaipenekin berdintzea gerta liteke, baina lau lehenek bi punturen aldea jartzea ere bai.

Orekaz aritu gara etengabe azaroaren azken aldera Binakakoa aurkeztu zigutenetik, baina jardunaldiak aurrera joan ahala, lehen aldeak ere ari dira agertzen eta, alde horretatik, sailkapenean lehen eten esanguratsuak emateko arrisku handia dauka asteburu honetan jokatuko den jardunaldiak. Egutegiak halako kapritxoak izaten ditu eta posiblea da oso, urte berriarekin, lehen zuloak agertzea oraindik ere denetik pasa daitekeen lehiaketa honetan.

Lehen itzuliaren amaiera izan liteke balantzeak egiteko unerik egokiena, baina ostiralean Beotibarren hasiko den seigarren hau –ekuatorea baino jardunaldi bat lehenago– mugarria izan daiteke, Beotibarren, Labriten eta Etxebarrin gertatzen denaren arabera, posiblea delako sei bikotek hiruna garaipenetara berdintzea, baina, era berean, gerta liteke ere sailkapeneko lau lehenengoek gutxienez bi partidatako aldea ateratzea hurrengo laurei eta hori arriskutsua izan daiteke oso, atzean geratzen diren bikoteentzat.

Muturrak, urte berrirako

Ildo horretan, partidarik desberdinena urte berriarekin Eibarren Altuna III.a-Martijak eta Bengoetxea VI.a-Larunbek astelehenean jokatuko dutena da. Inork gutxik espero zuen Aspeko gazteek, txapelketako bikoterik gazteenak, horren hasiera bikaina izango zutenik. Etxeberriko atzelaria debutaria da eta apenas jokatu du estelarrik Binakako hau hasi aurretik, baina Altunaren maisutasunak gidatuta, beterano bat bezala ari da jokatzen. Zazpi garaipenetakoa izan ohi da finalerdietan egoteko langa eta bosgarrena lortuko balute, lanak oso aurreratuta utziko lituzkete bigarren itzuliari begira.

Iazko txapeldunordeak horren behean ikustea –garaipen bakarra dute– ere ezusteko handia da pilotazaleentzat. Egia da Oinatz ez dela iazko txisparekin ageri, baina erakutsitako jokoak ez dirudi horren txarra. Leitzakoak bere maila berreskuratzen badu, garaiz egon daitezke, baina esnatu beharra dute.

Gainerako hiru partidetan puntu bateko aldea baino ez dago lehiatuko diren bikoteen artean. Ostiralean Tolosan Olaizola II-Untoria (3) eta Irribarria-Merino II.a lehiatuko dira. Ikusteke dago Naiarakoak Imazen ordez eman dezakeen maila, baina ondo aritu beharko du nabarmen goraka datozen Irribarriaren eta, batez ere, David Merinoren aurka.

Larunbatean bi partida oso desberdin izango dira. Labriten, elkarrekin jokatu dituzten hiru partidak irabazi dituzten Urrutikoetxea-Aretxabaleta, hondoa jo duten Ezkurdia-Zabaletaren aurka. Aspekoek partida handiak jokatu izan dituzte Iruñean eta horri heldu behar diote. Etxebarrin, kontrako noranzkoan datozen bi bikote ariko dira, goitik behera datozen Victor-Albisu eta nabarmen hazten ari diren Elezkano-Rezusta.

 

Momentuz, aurrelariak ari dira agintzen

Historikoki, atzelariek agindu izan dute Binakako lehietan eta gero aurrelariak euren bikoteak egindako zuloak baliatzen saiatu izan dira. Irujo eta Aimarrek logika hori hankaz gora ipini zuten azken hamarkadan baina Iberokoak lehiaketak utzita ere, tendentzia horrek indarrean jarraitzen du, pilotaririk onenaren sailkapenari kasu egiten badiogu behinik behin.

Izan ere, hiru aurrelari baitira, alde nabarmenaz gainera, enpresek Binakako honetarako eratu duten sailkapeneko lehenak: Altuna III.a (145 puntu), Urrutikoetxea (133) eta Olaizola II.a (113).

Julen Martija da, 108 punturekin, taulan hobekien kokatuta dagoen atzelaria, laugarren postuan, eta oso gertu du Jon Ander Albisu, hiru gutxiagorekin. Pentsa liteke, ikusgarritasunaren aitzakian, errazagoa dela sailkapen subjektibo honetan aurrelariek puntuak batzea, baina Beñat Rezusta izan zen iazko onena. Aurten 8. da, 88 punturekin. J.O.