NAIZ

Urtarrilaren 9an jarriko da martxan N-1ean kamioientzako ordainsari sistema berria

3,5 tonatik gorako kamioiei N-1 errepidean kanona kobratzeko sistema urtarrilaren 9ko 00:00etan aktibatuko da. Une horretatik aurrera, Irungo, Andoaingo eta Etzegarateko arkuetan erregistratutako zirkulazio guztiak kobratuko dira.

N-1eko bidesarien aurkako protesta. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
N-1eko bidesarien aurkako protesta. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak iragarri du urtarrilaren 9an jarriko dela abian N-1 errepideko AT sistema. Garraiolariek ezingo dute diruz ordaindu Irungo ordainlekuan, «kanonaren ordainketaren funtzionamendu egokia finkatzeko, zirkulazioaren segurtasuna eta fluxua bermatzeko, eta zirkulazioari ahalik eta gutxien eragiteko».

AT sistema abian jartzen denean, Irungo ordainlekuan diruz ordaintzen duten garraiolariei informazioko liburuxka bat eta tiket bat emango zaizkie, non jakinaraziko zaien trantsizio aldi batean daudela eta free-flow sistemarekin bateragarria den ordainarazpen bitarteko batekin uztartu behar dutela bere kamioia, hau da banku txartel batekin edo Via T gailuarekin.

Diputatuak gogorarazi du egiten diren joan-etorrien %92an bateragarria den Via T gailua erabiltzen dela, eta %5,40ak kontu korronte bati uztartuta dagoen txartel baten bidez ordaintzen duela; beraz, horietako inork ez du alta eman beharko sisteman, eta kanona automatikoki kobratuko zaio sistema indarrean sartzen denean.

Oiarbideko gogora ekarri du garraiolariak erregistratu egin behar direla. Via T sistemarekin bateragarri den gailurik ez badute, ibilbidea N-I eta A-15 errepideetan barrena egiten duten garraiolariek erregistratu beharra izango dute, Bidegiren web orriaren bitartez, urtarrilaren 3an aktibatuko dena, erabiliz, edo errepide sarean horretarako jarriko diren bost kioskoetakoren batean.