GARA
DONOSTIA

Castellsek Julenen aitaren defentsa utzi du «konfiantza hautsi» delako

Miguel Castellsek idatzi bat aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusian, Julen semea hiltzeagatik kondenatutako Luis Serrano defendatzeari uko egiten diola azalduz. Epaileek idatzia onartu dute eta errekurtsoa jarria duen Serranori beste abokatu bat izendatzeko eskatu diote.

Luis Serrano defendatzeari utziko dio Miguell Castells abokatu prestigiotsuak, atzo “Diario Vasco” egunkariak iturri judizialak aipatuz jakinarazi zuenez. Horren arrazoia «irizpideen inguruko desadostasunak» dira. Castellsek dioenez, defendatzen zuen gizonak elkarren artean zegoen «konfiantza hautsi» du. Hala azaltzen du joan den astean EAEko Auzitegi Nagusian aurkeztu zuen idatzian. Bertako epaileek dagoeneko onartu dute eskaera eta semea hiltzeagatik 19 urteko kartzelara kondenatutako Serrano beste abokatu bat izendatzera deitu dute. Gainerakoan, ofizioko bat ezarriko diote defentsarekin segitzeko.

Iturri berberek esplikatu zutenez, joan den ekainean kondenatutako Serrano gose greban dago Martuteneko espetxean abenduaren 4tik. Bertan egotea «bidezkoa ez» dela salatzen du. Castellsek ez du zehazten dokumentuan bere erabakia gose greba honekin lotuta dagoen ala ez.

Esperientzia handiko abokatu honek ez du Julenen aita hasieratik defendatu. Aurretik Luis Perez de Cirizak egin zuen lan hori. Instrukzioa aurreratuta zegoenean hartu zuen Castellsek defentsaren gidaritza. Bera izan zen, hain zuzen, Julen 13 urteko mutikoak itsulapikoaren tapa irekitzen saiatzen ari zela labana bere buruari sartu ziola hipotesi gisa aipatu zuena.

Julen 2011eko abenduaren 1ean aurkitu zuten hilda Donostiako Ondarreta auzoan. Bere aita desagertuta egon zen egun batzuetan eta gero entregatu egin zen Ondarretako Ertzaintzan. Joan den ekaineko kondena ez da behin betikoa, Castellsek bere absoluzioa eskatuz errekurtsoa jarri baitzuen.