NAIZ
AZPEITIA

Eskiatzaile azpeitiar bat hil da La Mongien

24 urte zituen gazteak, eta desagertua zegoen larunbat arratsaldetik. Igande goiz honetan aurkitu dute haren gorpua La Mongie eski estazioko erreskate taldeek. Iñigo Larrañaga da zendu den gaztea, Efe albiste agentziaren arabera.

Hilik aurkitu dute larunbat arratsaldetik La Mongien desagertua zegoen eskiatzaile azpeitiarra, uztarria.eus agerkari digitalaren arabera.

Atzo arratsaldean eman zuten 24 urteko azpeitiarraren desagerpenaren abisua haren lagunek, eta segituan hasi ziren haren arrastoaren bila larrialdi zerbitzuak. Helikopteroz aritu ziren azpeitiarraren bila, baina 20.00ak aldera, ordurako ilundu zuela eta, bertan behera utzi behar izan zituzten erreskate lanak.

Igande goiz honetan berrartu dute bilaketa, eta hilik aurkitu dute 24 urteko azpeitiar eskiatzailea.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak Twitter bidez baieztatu du gaztearen heriotza.

Efe albiste agentziaren arabera, pistaz kanpo zebilela harkaitz batzuen aurka jo ostean hil zen gaztea, Iñigo Larrañaga. Kolpearen ondorioz hainbat zerbikal hautsi zituen antza. Gaztearen familia ezbeharra jazo den lekuen aurkitzen da dagoeneko.