NAIZ
Eibar

Bizirik jarraitzen dute Bengoetxeak eta Larunbek liderrak garaitu ostean (22-16)

Azkenek liderren aurka neurtu dituzte indarrak Eibarren eta pronostiko guztien kontra garaipena eskuratu dute Bengoetxeak eta Larunbek, bigarren puntua poltsikoratuz. Altunak eta Martijak sailkapenaren buruan jarraituko dute lau punturekin.

Partida itzela egin du Larunbek. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Partida itzela egin du Larunbek. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Garaipena ezinbestekoa zuten Asegarcekoek txapelketan bizirik jarraitzeko eta hala egin dute, nahiz eta partidaren erdialdera puntuak ihes egingo ziela zirudien. Hasiera-hasieratik lehia nahasten saiatu da Bengoetxea, sakea txokotik eginda eta Altunaren airezko erantzuna ekidinez. Baina bera nahasi da gehien bat: erasoan asmatu ez eta defentsan ohi baino ahulago.

Hala ere, gorriak aurretik abiatu dira, Larunberen nagusitasunari esker. Martijak ongi eutsi die bizkaitarraren kolpeei, baina Altuna ere ez zebilen guzti fin lehen koadroetan eta Asegarcekoak 9-4 aurreratu dira.

Bengoetxeak sake luzeegi bat egin du eta hor iritsi da urdinen pizkundea, markagailua irauliz 10-15 jarri arte. Martijak defentsan lan bikaina egin du eta hauek izan dira Altunaren minuturik onenak. Asegarceko aurrelaria, aldiz oso trakets zebilen. Gauza onenak eta txarrenak bikote gorriaren eskuetan zeuden. Bengoetxea maila baxuan eta Larunbe oso modu egokian.

Baina Leitzakoa ere esnatu da eta amaiera bikaina eman dio norgehiagokari. Errematean asmatzen hasi da eta biziraupenerako ezinbestekoa zuten garaipen baten bila abiatu dira zuzen-zuzenean. Modu honetan txapelketako bigarren puntua bereganatu dute gorriek.