NAIZ

Osasun zentroetako ordutegien murrizketa salatu du LAB sindikatuak

Bilboko La Merced anbulategian mobilizazioa egin du LAB sindikatuak osasun zentroak 17.00etan ixtearen kontra.

LAB sindikatuaren mobilizazioa osasun zentroen ordutegien murrizketa salatzeko.
LAB sindikatuaren mobilizazioa osasun zentroen ordutegien murrizketa salatzeko.

Bilboko La Merced anbulategia izan da da ordutegien murrizketak pairatu dituen osasun zentroetako bat, baina aipaturiko neurria Osakidetzaren sare osoan burutu dela salatu du LAB sindikatuak.

Azaldu dutenez, Osakidetzako zuzendaritzak zein Eusko Jaurlaritzak (EAJ eta PSE) honako itxiera ezarri dutela «sindikatuok informatu gabe eta erabiltzaileoi jakinarazi dietela zentroan pegatu duten orri baten bitartez».

LABek salatzen duenez, «Osakidetzak dio oporrak ordezkatzeko langile nahikorik ez dagoela. Guk, aldiz, bestelakoa diogu: medikuen faltaz haratago, oinarrizko arazoa bilatu behar dugula dauzkagun plantilla eskasetan eta ordezkoak kontratatzeko ez dutela diru gehiagorik gastatu nahi».

«Hala ere, arrazoia edozein izanda ere, oinarrizko zerbitzu bat egun batetik bestera murriztea inorekin kontatu gabe arduragabekeria politiko galanta iruditzen zaigu; Bilboko auzokideok eta Osakidetzako erabiltzaileok ez dugu holakorik merezi», kritikatu dute oharrean.

LAB sindikatuak salatu duenez, murrizketa hauekin irabazle ateratzen da «Osasungintzan aurreztu nahi duen Eusko Jaurlaritza, baina enpresei zergak jaitsi eta dirutza xahutzen duena bankuen zorra ordaintzen eta abiadura handiko trenaren egitasmoan».

«Gure osasunarekin negozioa egin nahi dutenak, osasun publikoa ahulduz osasun pribatua bultzatzeko. Ezin dugu ahaztu Darpon jauna IMQko gerentea izan dela», gaineratu dute.