Jon Ormazabal
Tolosa

Altuna-Martijak lehen postuan amaitu dute lehen itzulia (22-19)

Irribaria-Merino II.a bikoteari, aldiz, gauzak oso zail jarri zaizkie 4-8 aurrerratu diren partidan, arerioak askoz indartsuago amaitu dute eta.

Altuna eta Irribarria, gaur Tolosako Beotibarren. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Altuna eta Irribarria, gaur Tolosako Beotibarren. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Altuna III.a-Martija bikoteak sailkapeneko lehen postuan amaituko dute Binakako txapelketako lehen itzulia, zazpigarren jardunaldian euren bosgarren puntua lortu baitu Irribarria-Merino II.ari Tolosan 22-19 irabazita.

Partida gogorra izan da Beotibarrekoa, 617 pilotakada eta 79 minututako iraupenarekin, eta txapelketako bikoterik gazteenak arerioek baino indartsuago amaitu dute eta horrek eman die garaipena. Lehia hasieran, ordea, urdinek agindu dute. Ideiak oso argi zituztela ekin diote partidari aramarrak eta errioxarrak, Martija ia uneoro bederatzigarren koadroan jokatzera behartuz. Horrela, 4-8 aurreratu dira markagailuan, baina piloteoan egon den nagusitasunari behar bezain besteko probetsua atera gabe.

Eta garesti ordaindu dute, pilotak moteldu ahala, bikote gorriak, batez ere Martijak, nabarmen egin baitu gora. Txapelketa osoan bezala, lehiak aurrera egin duen eran erosoago sentitu da kantxan, hobeto sartu da pilotetara eta horrekin batera Jokin Altunak ere erasoan sartzeko askoz aukera gehiago izan ditu.

13-13koa izan da azken berdinketa, 6-0 eko partzial batekin ia erabakita utzi dute eta gorriek partida. David Merinori partida luze egin zaio, gainera 16-13koan besoa minberatu zaio. Azken aldera saiatu dira markagailua orekatzen baina liderrek ez dute barkatu.