Egun borobila izan da gaurkoa Asperentzat, jokoan ziren bi puntu garrantzitsuak lortu baitituzte lehen itzulia ondo kokatuta amaitzeko. Astelenako partidak erabat ase ditu pilotazaleak, urdinek oso ondo hartu baitute elkar eta zaila delako Aimar Olaizolak gaur jokatu duena baino gehiago jokatzea.
Partida ia uneoro izan dute Aspekoek kontrolpean. Elezkano ausart baina burutsu aritu da aurrean eta atzean Beñat Rezustak argi dominatu du gozakaitz aritu den Alvaro Untoria. Urdinak hala arituta, Aimar Olaizolaren erakustaldia izan da partidan mantendu ahal izan dituen bakarra. Baldintza ikaragarri zailetan, Goizuetakoak urrutitik sartu behar izan du, baina erasoan, arriskuak hartuz, ikaragarri asmatu du.
Bere akats larri bakarra 14-18koa izan du nafarrak, dena alde zuen sake-remate bat kontrakantxara bidali duenean. Urdinek partida ia erabakita uzteko baliatu dute, baina 21-15 zirela, Danel Elezkanok oso antzeko akats bat egin du, gorriei bizia emanaz. Partida 21na berdindu ere egin dute Asegarcekoek, baina azken tantoan ez zaio besoa uzkurtu Elezkanori eta txokoan pilota moztuta bosgarren puntua eskuratu dute.
Sorian, aldiz, Ezkurdia-Zabaletak behar beharrezkoa zuten hirugarren puntua eskuratu dute, jarraian bosgarren partida galdu duten Victor-Albisuren krisia areagotuz. Aspekoek hasiera hasieratik hartu dute markagailuaren ekimena, Joseba Ezkurdiak, aspaldiko partez, partida bikaina jokatuz. Arbizukoak bost tanto egin ditu sakez eta beste hamar jokoan, azkenaldiko lehorteari amaiera emanaz.