NAIZ

Sarek larunbaterako Bilbon deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin du ELAk

ELA sindikatuak bere afiliatuak gonbidatu ditu euskal preso politiko eta iheslarien eskubideen alde, ‘Prest Gaude’ lelopean, larunbatean Bilbon egingo den manifestaziora batzera. Espainiar eta frantziar estatuei «konponbidearen aldeko deiadar hau» helarazteko beharra nabarmendu du.

Ohar baten bitartez, ELA sindikatuak bere afiliatuak deitu egin ditu Sarek ‘Prest gaude’ lemapean datorren larunbaterako, urtarrilaren 13an,  Bilbon antolatu duen manifestazioan parte har dezaten. «Sindikatuak aintzat hartzen ditu 2017an euskal preso politikoak aitortzerakoan eta hauen eskubideak aldarrikatzeko egin diren urratsak, esaterako, EAEko eta Nafarroako indar politiko gehienek gaixorik dauden presoak askatzeko adierazi duten posizioa», adierazi dute.

Zentzu horretan, abenduaren 9an Parisen izan zen mobilizazio handia «pozgarria» izan zela nabarmendu du sindikatuak. Gogora ekarri duenez, Ipar Euskal Herriko «indar politiko guztiek parte har zuten, eskuin muturrak izan ezik».

«Konponbidearen aldeko deiadar hau bi estatuetako gobernuen politikarekin guztiz kontrajarrita dago, batik bat Espainikoarekin, presoen kolektiboari eta beren senideei demokrazia homologatu batekin zerikusirik ez duen erregimena inposatzen baitie oraindik», gehitu du sindikatuak. «Bidegabea izateaz gainera, politika hori gure herrian nagusi den borondatearen aurkakoa da, bizikidetzan aurrera egin nahi baitu gehiengoak, areago kontutan izanik dagoeneko sei urte igaro direla borroka armatua amaitu zenetik eta joan den apirilean armagabetzea behar bezala burutu zela».

Etxaldek ere bat egin du manifestazioarekin eta Bilbora joateko deia egin du.