NAIZ

Senideek errepidean aurkitutako elurra eta izotzak dispertsioaren salaketa areagotu du

Azken orduetako elur denboraleak zaildu egin ditu astebururo euskal presoen senide eta lagunek egin beharreko bidaiak. Batzuk ez aurrera eta ez atzera geratu ziren itxitako errepideetan preso. Egoera hauek dispertsioaren aurkako salaketa areagotu dute larunbateko manifestaldiaren atarian. 

Errepide ugari itxita egon dira denboralea dela-eta. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Errepide ugari itxita egon dira denboralea dela-eta. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Gabonen amaierak izotza eta elurra ekarri du gure bideetara eta anabasa sortu da errepideetan. Asteburua izanik zientoka senide eta lagun bidean ziren Estatu espainol eta frantsesean barna sakabanatuta dauden euskal presoekin bisita partekatzeko.

Ohikoak dituzten bidaia luzeak, are gehiago luzatu eta korapilatu ditu denboraleak eta badira errepidean ez aurrera eta ez atzera geratu direnak ere. Sare sozialetan ikusi dugu senide horien ezintasuna eta baita haiek gogoan dispertsioa salatu dutenak ere.

’Berria’ egunkariko zuzendari orde Iñaki Petxarromanek bikotekidea Alacanteko espetxean duen lagun batek asteburuan bizitakoa jaso du bere Twitter kontuan. Bisitatik bueltan errepidean ez aurrera eta ez atzera geratu zen, autoan hiru eta zortzi urteko seme-alabak ere bazeudela.

Petxarromanen mezuak, asteburuan senideek bizitakoaren ispilu bihurtuta, oihartzuna izan du sarean. Twitterren 174 aldiz izan da elkarbanatua eta Facebooken ere bere bidea egin du.

Honakoa baina ez da errepide espainoletatik iritsi zaigun mezu bakarra. Asteburuko bidaia «gogorra eta arriskutsua» izanik, Mirentxineko gidariei euren esker ona eskaini nahi izan zien Jon Kepa Preciadok.

Ugari dira euren bidaia luzeen berri sareetan emateko ohitura duten senideak. Valladolideko kartzelarako bidea goizeko ordu txikietan hartu zuen lizartzar honek.

Eta honek, aldiz, Andaluziaraino joan behar izan zuen bere anaiarekin 40 minutu partekatzeko.

Asko izan ziren elur iragarpenak ikusita errepidean izango ziren senideekin gogoratu eta dispertsio politika salatu zutenak. Gehientsuenek gainera, datorren larunbatean euskal presoen eskubideen alde Bilbo zeharkatuko duen manifestaldirako deialdia egin zuten.