naiz
Kanbo

Sutea izan da Seaskak Kanbon dituen bulegoetan

Seaskak Kanbon duen eraikinak su hartu du gaur goizean. Sua 08:30ak aldera piztu da eta suhiltzaileak lanean ari dira. Langile guztiak onik atera dituzte. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak azaldu duenez, antza, lehen zantzuen arabera, zirkuitulabur batek eragin du sua.

Su hartu du Seaskak Kanbon duen egoitzak. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Su hartu du Seaskak Kanbon duen egoitzak. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Sute bat piztu da Seaskak Kanboko herrian dituen bulegoetan. 08:37ean iritsi da abisua. Langile guztiak ongi atera dituzte eta suhiltzaileak lanean ari dira, sua itzali nahian eta gertatutko argitu asmoz.

Beheko solairuko gela batean piztu da sutea, materiala gordetzen zuten gelan, hain zuzen. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak EiTB taldeari azaldu dionez, kalte materialak «handiak» dira. Bertan dituzte, besteak beste, Herri Urratseko jantziak, biltegia eta sukaldea. Oraingoz, nola sortu den ez badute argitu ere, Gorostiagaren esanetan, lehen zantzuen arabera, zirkuitulabur batek eragin du sutea.

Hazparne, Kanbo, Angelu eta Ahurtiko 25 suhiltzaile lanean ibili dira ordu batez sua itzaltzeko. Sutea «aski bortitza» izan dela azaldu du horietariko batek.

Sutearen ondorioz, arratsalderako zituzten formazio eskolak bertan behera utzi behar izandituzte, eta momentuz ez dute zehazterik noiz sartu ahal izango diren eraikinaren barrualdera, kalteak zehazteko. Egoitzatik gertu Xalbador eskola aurkitzen da, baina normaltasunez ari dira han eskolak ematen.