Nerea GOTI

ETBH DIRA

Euskal youtuberrek badute seinale potente bat Usansoloko etxe batean. «Etxe Txiki Bihotz Handi» kanalean zabaltzen dituzte ateak domeketan, eta, «sartu barrure!» oihuarekin batera, Ane, Jon eta Mikel Atxutegi neba-arrebak agertzen dira kamera aurrean. Bideoetan, Euskal Herriko irribarre gozoko hiru gazte, dibertitzen, euskaraz. ETBH dira.

E uskal youtuberrak dira, eta, dagoeneko ehunka etxetan egoteaz gain, egiaztatu dute, adibidez, Euskal Herriko 130. udalerria Usansolo izango dela. Horren froga argia auzokideek maila ona erakutsi zuten euskal tribialeko kaleko saio batean lortu zuten: galdera guztietan erantzun zuzen zein okerrak tartekatu ondoren, itaun horren aurrean arinak eta zalantza gabeak izan ziren erantzun guzti-guztiak. Usansoloren izena Youtube komunikazio plataforma modernoan jarri dute argi eta garbi. Youtuberren eremuan herria eta .eus domeinua uztartzen eta zabaltzen jakin dute.

Jeinu itxurarik egin gabe, gauza jenialak egiten dituzte oso saio ezberdinekin ausartuz, neba-arreben arteko harremanean sustraitutako emanaldi ezin freskoagoetan. Akatsak ezkutatu barik, horien aurrean barre egin eta bizitzari irribarre bat jartzean dago saltsero hauen kamera aurreko lanaren giltza. Denean ezin dela ona izan eta, hala ere, probatu barik ez geratzeko mezua ere igortzen dute.

“Etxe Txiki Bihotz Handi” deitzen da euren kanala, eta «zabaldu atea eta sartu barrure!» oihua ezagun egin dute euskal publikoaren artean. Izan ere, etxe barruko giroan neba-arreben arteko egoerak, probak, kontuak eta kantuak dira eskegitzen dituzten bideoen eduki nagusietako batzuk.

Jarraitzaileek ikusi dituzte zumba egiten, “Aldapan gora” kanta ezagunaren bertsioa egiten, kick boxing egiten, Galdakaoko jaietan... Eta horiek adibide batzuk baino ez dira.

Hiru anai-arrebokin hitz egin zuen GAUR8k youtuber gisa duten ibilbidearen inguruan gehiago jakin guran. Gurasoen etxetik emititzen dituzte bideo gehienak, eta jada 30 bideo baino gehiago dira eskegi dituztenak, domekero. Jarraitzaileen kopurua 400 lagunera hurbiltzen da.

Zerk eraman zituen youtuber moduan aritzera da ekidin ezinezko galderetako bat. Anek dioenez, unibertsitateko lan batekin hasi zen abentura. Euskara eta euskal youtuberren inguruko lan bat egin zuen, eta ondorioztatu zuen euskal youtuber gutxi dagoela. «Familia bazkari batean gaia irten eta erabaki genuen Youtuben bideo bat jartzea. Baina gure helburua ez zen youtuberrak izatea, baizik eta bideoak egitea euskara sustatzeko eta hizkuntzaren normalizazioan eragiteko».

Hizkuntzaren erabilera bultzatu eta euskal kulturaren askotariko adierazpenak jasotzea dute xede, era natural batean. Musikaz hitz egiten badute euskal musikak du paper protagonista, euskal kanta onenak aipatuz adibidez. Edukiak anitzak dira eta etxeko giro horretan jorratzen dituzte gehienetan, pijaman, etxeko arroparekin, ortozik... ahalik eta freskoen.

Neba-arreben harreman ona

Berez, lau neba-arreba dira Atxutegitarrak. Lauaxeta ikastolan ikasi dute guztiek, eta Usansolon haziak dira. Begi bistakoa da herriarekin duten lotura sendoa. Ez da egongo usansoloarrak direla ez dakien ikuslerik. Kameraren aurrean zabaltzen dituzten ateak gurasoen etxekoak dira. Bertan bizi dira Ane eta Jon, baina ez Mikel. Harremana estua dute hirurek eta familia bazkariak dira hitzordu aproposenak bideo berrien edukiak elkarrekin adosteko. Hala ere, mutilek argi dute: kanalaren arima eta buru nagusia irribarre ederreko Ane da.

Berez, lau neba-arreba dira, baina hiru zaharrenak aritzen dira youtuber gisa. 20 eta 30 urte bitartean dituzte. Ane gazteena da eta Mikel zaharrena. Ane Euskal Kultura eta Hizkuntza eta Hizkuntza Modernoak ikasten ari da, Jon Zuzenbide doktoretza egiten ari da eta maisua da, eta, azkenik, Mikel irakaslea da.

Pantaila aurrekoa hobby hutsa da, ez lanbide bat edo diru-sarrera iturri bat. Azaltzen dutenez, jarraitzaile asko izan behar da dirua irabazteko, eta «youtuberren euskal mundu honetan jarraitzaile asko izatea ez da erraza! Gure kasuan ez dugu dirurik irabazten, gure helburua bestelakoa da, eta, gainera, gustatu egiten zaigu».

Aipatzen dute «pozik» daudela dituzten jarraitzaileekin. «Denetarik dago, umeak, gazteak...» baita gurasoen lagunak ere, azaldutakoaren arabera.

«Profilak, erabat desberdinak»

«Oso naturalak gara, bideoetan garen modukoak gara bizitzan errealean ere. Uste dut hori dela gure puntu fuertea. Ez dugu antzezten eta uste dut horrek ematen diola bizitasuna gure kanalari, oso naturalak garela, gure artean ondo moldatzen garela eta egiten duguna gustuko dugula», azaldu du Anek.

Jonen ustez, gakoa da hiruren «profila erabat desberdina» dela. Emanaldi berrien aurreko sormen prozesua, esan bezala, familia bazkarietan egiten dute nagusiki. Anek dioenez, batzuetan Youtuben modan dauden bideoak hartzen dituzte eredu, beste batzuetan euren artean sortzen diren ideiak eramaten dituzte kameraren aurrera... Ideia ez dute gidoi batean islatzen, zuzenean eramaten dute kamera aurrera naturaltasun osoz. Eta irteten den moduan irteten da. Edizio lan txiki bat dago, bideoa arintze aldera, luzeegi ez izateko eta erakargarriago egiteko.

Kontatzen du Anek youtuberren munduan sartuta daudenetik espazio hori ezagutzen joan direla, eta, unibertso komunikatibo horretan euskaldunak asko ez badira ere, euskal youtuberrak egon badaudela. Anek dioenez, Aiora Probatxoa da bere erreferente nagusia. Azaldu duenez, bera da momentu honetan jarraitzaile gehien dituena, eta «oso bideo politak egiten ditu, esanahi handikoak».

Esan behar da kantatzen oso ondo moldatzen direla erakutsi dutela Atxutegi neba-arrebek. «Gustuko dugu kantatzea eta etxean oso kantatzekoak gara», onartu du Anek. Aurretik Mikelekin ere aritu izan da musika jorratzen, eta Jonek abesti bat prestatu nahiko luke denboraz. Batek daki Aneren ametsa jarraituz euren urruneko bidaia baten bideoa ikusteko aukera izango den. Doazen tokira doazela, Usansoloko youtuberrek etxeko ateak zabalduko dituzte! •