Atzo Legution handia ikusteko zorioan izan ginen eta gaur Tolosan ia handiagoa ikusi dugu. Laso-Albisu txapelketari agur esatekotan egon dira Olaizola eta Imaz 14-6 aurreratu direnean –1000 50iko apostu bat ere gurutzatu da une horretan– baina sekulako buelta eman diote partidari.
Lehia oso gorabeheratsua eta azkarra suertatu da. Hasierak izen bakarra izan du, Aimar Olaizolarena. Izan duen ia aukera oro bikain probestuz, beste eraso erakustaldi bat eskeini du. Imaz txukun hasi da, Albisuri bizkarra gehiegi ikusi gabe eta lehiak oso bideratuta zirudien, ez zen eta urdinen erantzun posiblerik ikusten.
Hala ere, atzoko moduan, partidak buelta ikusgarri bat izan du. Atzean gauzak errotik aldatu dira, Albisuk epelak eman dizkio pilotari eta ordura arte txukun ari zen Imaz erabat erori da. Sake on batzuk eraman gabe utzi ditu, urduri jarri eta bere jokoak nabarmen egin du behera.
Eta aurrean Unai Lasoren ausardia sekulakoa izan da. Aimarren aurrean kokildu beharrean hazi egin da Bizkarretako aurrelaria eta bere mailarik onena erakutsi du. 15-17 aurreratu ostean, egindako lau hutsek berriro eman diete Olaizola-Imazi partidaren agintea, baina euren onenera itzuli eta puntu sinesgaitz bat eskuratu dute.