NAIZ
DONOSTIA

Ikasleen mugikortasuna errazteko Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko elkarlana aldarrikatu dute

EH Bildu Seaska, Etxepare Lizeoa eta Ikastolen Elkartearekin batzartu da Hezkuntzaren Europako Espazioaren baitan elkarlana sustatzeko aukerak aztertzeko. Bertan, «ikasleen mugikortasuna errazteko», Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko kooperazioa indartzeko beharra defendatu du koalizioak.

Seaska, Etxepare Lizeoa eta Ikastolen Elkartearekin elkartu da EH Bildu Donostian. (EH BILDU)
Seaska, Etxepare Lizeoa eta Ikastolen Elkartearekin elkartu da EH Bildu Donostian. (EH BILDU)

Seaska, Etxepare Lizeoa eta Ikastolen Elkartearekin elkartu da EH Bildu Donostian. Nafarroa eta Ipar Euskal Herriarekin batera, eta euskara ardatz hartuta, «hezkuntza proiektuak garatzeko» eskatu dio koalizioak Lakuari. Norabide horretan, «neurriak eta aukerak» aztertu dituzte.

EH Bilduk «kezka handia» agertu du «Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasten duten gazte askok unibertsitate ikasketak Hego Euskal Herrian egin nahi dituztenean aurkitzen dituzten arazoak direla-eta». Epeak ezberdinak direla azpimarratu dute, eta tituluak ere ez direla zuzenean onartzen nabarmendu. «Arazo administratiboak ohikoak izaten dira horren guztiaren ondorioz», gehitu du.

Hori dela-eta, euskal lurraldeen artean «ikasleen mugikortasuna erraztea behar-beharrezkoa» dela iritzi du EH Bilduk. 

Miren Larrion legebiltzarkidea eta Xabier Isasi Hizkuntza Politikako idazkaria izan dira koalizioaren ordezkariak bileran. Larrionek azaldu duenez, «euskaraz ikasten duten Ipar Euskal Herriko ikasleek sekulako arazoak izaten dituzte goi mailako ikasketak ere euskaraz egiteko Hego Euskal Herriko unibertsitateetan matrikulatzen saiatzen direnean». Honen aurrean, herrialdeen arteko «kooperazioa eta mugikortasuna sustatzea» proposatu du. Zentzu horrentan, EH Bilduk mozioa aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean Lakuari Ipar Euskal Herriko Elkargoarekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera euskara ardatz izango duten proiektuak garatu ditzala eskatzeko.