NAIZ

«Bilbo zure etxea da» kanpaina, gau giroan gazteen «gizalegezko» portaera sustatzeko

«Bilbo zure etxea da» kanpaina aurkeztu du Bilboko Udalak, gazteen artean «garbiketa eta espazio publikoaren erabileraren arloetan elkarbizitza onerako jokaerak eta besteekiko errespetua» sustatzeko helburuarekin.

«Bilbo zure etxea da» udal kanpainaren aurkezpena. (Bilboko Udala)
«Bilbo zure etxea da» udal kanpainaren aurkezpena. (Bilboko Udala)

Bilboko Udalak prentsaurreko batean aurkeztu du gazteen artean, batez ere, aisialdia gauen ematen dutenen artean, «gizalegezko balioak eta portaerak sustatzeko» datozen sei asteetan zehar martxan jarriko duen «sentsibilizazio» kanpaina bat.

«Gizalegezko portaeren» aldeko «Bilbo zure etxea da» kanpaina 2016ko azaroan jarri zuen abian Bilboko Udalak eta oraingo bertsio berri honetan «garbiketa eta espazio publikoaren erabileraren arloetan elkarbizitza onerako jokaerak eta besteekiko errespetua» sustatu nahi dituel azaldu dute Udal gobernuaren ordezkariek.

Asteburuetako eta jaiegunetako gauetan jokaera egokiak sustatu nahi ditu Bilboko Udalak gazteen artean. Aldi berean, gogoeta egitera gonbita egin nahi die Udalak kontuan har ditzaten «zikinkeria, zarata handiegia eta kalean txiza egitea».

Oihane Agirregoitia Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak, Hector Sánchez Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen kudeatzaileak eta Maialen Olabe Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidenteak parte hartuko dute kanpainaren aurkezpen prentsaurrekoan.

Azaldu dutenez, «modu dibertigarrian» eragin nahi dute gazteenengan «zarataren, zikinkeriaren eta kalean txiza egitearen gaiak landuz».

Helburu horrekin, lelo ezberdinak ezarriko dituzte datozen egunotan hiriko altzarietan, 1500 edukiontzi ingurutan eta ostalaritzako establezimenduetako paperontzioetan.