GARA
BILBO

Pesalur-eko langileak lur jota, herenegun hildako kideagatik

Ostegunean errepidean bizia galdu zuen autobus gidaria omendu eta prekaritatea salatu zuten Aldundiaren aurrean. Bestalde, lau enpresak osatutako azpikontratazio batean zebiltzan lanean Loiun intoxikatuta hil ziren bi langileak, Excavaciones Ibardegi konpainiakoak.

Pesalur-eko langile eta batzordeko ordezkariak Bizkaiko Diputazioaren aurrean elkarretaratu ziren herenegun hildako autobus gidaria gogoan izan eta sektorearen prekaritatea salatzeko. «Mikel, gogoan zaitugu», pankartaren atzean mobilizatu ziren, ordu erdi baino gehiago iraun zuen isilunea eginez, eta Bizkaiko autobusak dolu-xingola beltzarekin ibili ziren egun osoan zehar.

Ostegunean, 6.05ean Galdakaon, N-240 errepidean, gertaturiko istripuan, Bizkaibus -eko autobus batek eta kamioi batek aurrez aurre jo eta ondorioz bi gidariak hil ziren, 31 urteko autobus gidari bilbotarra eta 41 urteko kamioilari bizkaitarra, Valle del Menan bizi zena (Burgos).

Jon Elordui Pesalurreko enpresa batzordeko presidenteak adierazi zuen oraindik arrazoiak argitzeke daudela, baina istripua gertatu zen bihurgunea «gatazkatsua» dela, «istripu asko gertatzen dira, iazko batean ere hildakoak egon ziren».

Lankideek erakutsitako elkartasuna eskertzeaz gain, guztiak harrituta eta lur jota daudela gaineratu zuen Elorduik. Gidaria UGT-Euskadin afiliatua zegoen eta sindikatuak bere elkarretaratze propioa egin zuen eguerdian Bilboko egoitzan.

Azpikontratazioa Loiun

Bestalde, ostegunean bertan Loiun furgoneta batean intoxikatuta hildako langileen eta horien lan baldintzen berri eman zuten sindikatuek.

Excavaciones Ibardegi SL enpresak kontratatuta zeuden bi langile errumaniarrak, A.P. eta L.D.A., 33 eta 32 urtekoak, eta azpikontratatutako sare baten barnean zeuden, lau enpresak parte hartzen zutena.

Obraren promotorea Euskaltel zela jakinarazi zuten. Hondeaketako konpainia Amintelek azpikontratatua zegoen, hau ZTE kontratista nagusiaren menpe zegoen, eta Euskaltel enpresak agindutakoa zen obra. Kableak birjarri eta gero baldosen kokapenean ziharduten bi langile hauek, CCOO sindikatuak jakinarazi zuenez.

Hala, gehiengo sindikalak asteartean elkarretaratzera deitu du Euskaltelek Zamudioko parke teknologikoan duen egoitzan (12.00). CCOO astelehenean mobilizatuko da Loiuko Txorierriko errepidean (11.30).