NAIZ

«Ezberdintasunen naturaltasuna» aldarrikatuko dute Zinegoak jaialdiaren 15. edizioan

Zinegoak 2018 otsailaren 19tik martxoaren 4ra arte ospatuko da. Programazioaren alderik indartsuena lehenengo astean izango da. Bigarren astean, ostera, paseak errepikatzeko eta jarduera osagarriak antolatuko dituzte.

Zinegoak jaialdiaren aurkezpena.
Zinegoak jaialdiaren aurkezpena.

Pau Guillen Zinegoak jaialdiaren zuzendariak azaldu duen moduan «gure ideia nagusia da ezberdintasunek norbanako egiten gaituztela, eta maitatzeko moduak, gure identitatea adierazteko moduak eta gure sexualitateaz gozatzeko moduak, ezin dutela mugatuta arau sozial edo estetikoengatik».

Aldarrikapen hori hasieratik egon da kartelaren ilustrazioa hautatzeko orduan, lanak aukeratzerako orduan, edo Émilie Jouvet zinegileari Ohorezko Saria ematerako orduan. Gogoratu duenez, Jouvetek intimitatea eta gorputza borrokarako eta militantziarako tresna bihurtu ditu, zinema eta argazkigintzaren bidez.

Programazioari dagokionez, Estatu espainiar mailan 22 estreinaldi egongo dira. Horrez gain, Europa mailako hiru estreinaldi eta mundu mailako bi estreinaldi izango dirau: Nove de Novembro (Lázaro Louzaoren opera prima, galegoz grabatutako lehenengo LGTB pelikula) edo Enfemme (Alba Barbé i Serra zuzendariaren lana, crossdressing munduaren inguruan).

Baina batez ere azpimarratu dute edizio honetan egongo diren gonbidatuen kopurua eta publikoak aukera izango du sortzaileekin zuzenean hartu-emana izateko.

Horrez gain, jaialdiak bere ohiko atalak izango ditu Laburmetraien arloan (Begiradak), Off atalak izena aldatu eta Narratiba Berriak deituko da, Argitutako Klasiko Ezkutuen zikloa…

Bestalde, Bilgunen, gai nagusi bi landuko dira: memoria historikoa (Federico Garcia Lorcaren erailketaren ingurukoa) eta pinkwashing izeneko kontzeptuaren inguruko eztabaida.