NAIZ
GERNIKA-LUMO

Daniel Barenboim musikariak eta Helena Maleno ekintzaileak jasoko dute bakearen Gernika Saria

Daniel Barenboim musikari eta orkestra zuzendari israeldarrak eta Helena Maleno giza eskubideen aldeko ekintzaile andaluziarrak jasoko dute aurten Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko 2018ko Gernika Saria. Apirilaren 26an izango da sari banaketa, bonbardaketaren 81. urteurreneko ekitaldietan.

Helena Maleno. (FADEL SENNA / AFP)
Helena Maleno. (FADEL SENNA / AFP)

Gernika-Lumoko Udalak ohar batean jakinarazi duenez, aurten Daniel Barenboimek eta Helena Malenok jasoko dute Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Gernika Saria, beren ibilbidearen aitortza gisa.

Epaimahaiak Daniel Barenboim musikari eta orkestra zuzendaria aukeratu du bere musikagatik, bere «bakearen eta demokraziaren aldeko konpromiso unibertsalagatik», baita artea eta kultura gizateriaren ondare gisa defendatzeko egin duen lanagatik. Barenboim israeldar-argentinarra da eta espainiar eta palestinar nazionalitateak ere baditu. 2008ko urtarrilaren 12an, Ramallah Zisjordaniako hirian kontzertua eskaini eta gero, palestinar ohorezko herritartasuna onartu zuen eta munduan israeldar eta palestinar nazionalitatea duen lehen hiritarra bihurtu zen, epaimahaiak gogora ekarri duenez. 

Helena Malenori dagokionez, komunitate migratzaileen alde nazioarteko zein Estatuko erakundeetan egin duen lana saritu nahi du epaimahaiak. Ekintzaile, kazetari eta ikertzaile andaluziarrak migratzaileen aurkako indarkeria kasuak dokumentatu ditu eta ehunka ikerketa ireki ditu salerosketen biktimak babesteko, batik bat emakume eta adin txikikoak.

Urtarrilaren bukaeran Marokon epaitu zuten migratzaileei laguntzeagatik eta epaiaren zain dago. Bere esperientzia kontatu zion GARAri elkarrizketa honetan.

Sari banaketa heldu den apirilaren 26an egingo dute Gernika-Lumon, bonbardaketaren 81. urtemugaren harira egingo dituzten ekitaldien baitan.