naiz
gasteiz

Lakuak bikotea osatzen duten bi pertsonen guraso-baimenen iraupena parekatuko du

Lakuako bozeramaile Josu Erkorekak etorkizuneko Euskal Enplegu Publikoaren Legeak bikotea osatzen duten bi pertsonen gurasotasun-baimenen iraupena parekatuko duela iragarri du Gasteizko Parlamentuan egindako kontrol saioan. Baimen horiek administrazio publikoko langileentzako eta %100ean ordainduak eta besterenezinak izango dira. EAEko Enplegu Publikoaren Legearen proiektuan jaso dute proposamena eta sindikatuekin negoziazioetan ari da Lakua.

Erkorekak Gasteizko Parlamentuko kontrol saioan jakinarazi du proposamena. (@jerkoreka)
Erkorekak Gasteizko Parlamentuko kontrol saioan jakinarazi du proposamena. (@jerkoreka)

EAEko Enplegu Publikoaren Legearen proiektuan jaso den neurri honen bidez, administrazio publikoko langileen «lana eta familia uztartzeko aukera bultzatu nahi du, eta emakumeen eta gizonen erabateko berdintasunaren arloan, jauzi kualitatibo bat ematea» dute jomuga. Era berean, «gizonen eta emakumeen artean, seme-alabak zaintzeko zereginak desberdin banatzeak dakarren desoreka zuzentzen lagundu» nahi dute.

Gaur egun, gutxienez, 18 aste etengabekoak dira erditzea, adopzioa, harrera edo subrogazioa ematen den unetik, eta lau astekoak aitatasunagatik. Azken horiek bikoteari besterendu ahal zaizkio.

EAEko Enplegu Publikoaren Legean, Lakuak egiten duen proposamena bikotea osatzen duten bi pertsonen gurasotasun-baimenen iraupena parekatzea da, sexua edozein izanik ere. Baimenak %100ean ordainduak izateaz gain, besterenezinak izango dira, bikotea osatzen duten bi pertsonen artean, «berdintasuna sustatzea eta gizonek ere etxeko lanaren erantzukizuna beren gain hartzeko aukera izatea baita helburua».

«Frogatuta dago gizonak seme-alaben zaintzan inplikatzea funtsezkoa dela emakumeen ahalduntze, garapen eta ongizaterako, jaiotzak sustatzeko, gizonen ongizate emozionalerako, eta genero-indarkeriaren prebentziorako», gaineratu du Erkorekak.