NAIZ

Etxebizitzaren prezioaren bilakaera aztertzeko behatokia sortzea proposatu du EH Bilduk

EH Bilduk Bilboko etxebizitzen prezioaren bilakaera aztertzeko behatokia sortzea proposatuko du osteguneko Udalbatzan. Proposamenaren helburua alokairu eta salmentan dauden etxebizitzen metro kuadroaren prezioa aztertzea da.

Aitziber Ibaibarriaga. (@EHBilduBilbo)
Aitziber Ibaibarriaga. (@EHBilduBilbo)

«Etxebizitza Lege berriarekin eta etxebizitzak daukan eskubide subjektiboaren izaerarekin, arlo horretako politikek garrantzi handiagoa hartu dute. Egoera berri horren aurrean beharrezkoa da ezagutzea zein den Bilboko egoera», azpimarratu du Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak Udalbatzara eramango dituzten proposamenak aurkezteko emandako prentsaurrekoan.

«Azken hilabeteetan ikusi dugu nola alokairuaren prezioak gora egin duen Bilboko zenbait gunetan. Zazpi Kaleetan, Atxurin, Bilbo Zaharrean edo San Frantzisko eta Zabalan prezioak asko igo dira. Seguraski, pisu turistikoen eskaintza handitzeak ere eragina izan du», azaldu du Ibaibarriagak.

Egoera horren aurrean, EH Bikduk argi dauka beharrezko tresnak jarri behar direla erabaki onenak hartzeko. Horien artean, etxebizitzaren prezioa aztertzeko behatokia sortzea proposatu du.

Beste alde batetik, EH Bilduk Bilbobuseko geralekuetan hobekuntzak egitea proposatuko du hainbat gabezia antzeman ostean. «Ikusi dugunaren arabera, Bilbobuseko zenbait geralekuk ez dituzte betetzen irisgarritasun unibertsalerako baldintzak. Gure ustez, legegintzaldi honetan arazo horrekin bukatu behar da. Gaur egun kontenedore, seinale eta loreontziengatik ezin da autobusen arrapala erabili zenbait geralekutan», azaldu du.

EH Bilduk proposamen bateratu bat aurkeztuko du Udalberri eta Goazen udal taldeekin batera. Emakume Antifaxisten Elkartearen lana goraipatzea eskatuko dute, omenaldi bat egin eta Astarloa kalean zeukaten egoitzan plaka bat jartzea eskatuko dute. «Memoria historikoaren alde urrats hori ematea beharrezkoa dela uste dugu», esan du Ibaibarriagak.