NAIZ

Euskara eta katalana, guda zelai

Euskara eta katalan hiztunen hizkuntza eskubideak kontserbadore espainolen jomuga bihurtu dira azken hilabeteetan. Bataren zein bestearen kontrako erabakiek kalapita sortu dute jendartean. Sareek, ordea, irudimena eta umorea lagun erantzun dute. 

Joan Turu ilustratzaile katalanak murgiltze ereduaren alde egindako komikia.
Joan Turu ilustratzaile katalanak murgiltze ereduaren alde egindako komikia.

Estatu espainoleko hizkuntza koofizialak –euskara, katalana eta galiziera– jarrera kontserbadoreenen jomugan dira egunotan. Pasa den asteburuan Idiazabal eta Elgoibar futbol taldeen partidan arbitroak euskaraz hitz egitea debekatu izanak hautsak harrotu ditu.

Joan den astean ere administrazioko langile publikoa izateko garaian, gaztelera besterik ez lehenestea xede zuen lege proposamena aurkeztu zuen Ciudadanosek Kongresu espainolean.

Harrabotsa sortu dute gure artean bi berriek eta sare sozialetan entzun da haren oihartzuna:

Gaztelania Kataluniako hezkuntzan inposatzeko helburuz Gobernu espainolak Kataluniako hizkuntza politiketan esku hartzeko erakutsitako prestutasunak ere zalaparta eragin du. 115. artikulua baliatuta egin nahi zuten Kataluniako murgiltze ereduaren aurka. Haatik, Auzitegi Konstituzionalak erabaki bezala Generalitateak ez ditu gaztelaniazko zentro pribatuen matrikulak ordaindu beharko. Ebatzi moduan, Gobernu espainolak ez baitu Kataluniako eskolaratze sisteman erabakiak hartzeko eskumenik.

Kataluniako eskolaratze sistemaren aurka Madrilen esandakoak harrabotsa eragin du Katalunian eta baita sare sozialetan ere.

Otsailaren 17an partekatu zuen Joan Turu ilustratzaile katalanak murgiltze ereduaren aldeko komikia eta ia 10.000 partekatze izan ditu ordutik.

Umorea lagun, Pol Gise aktore katalanak Twitterren zabaldutako bideoak ere internauten arreta eragin du. Umeetatik Kataluniako murgiltze ereduan barneratuta egon ostean, gaztelera non, noiz eta nola ikasi ote duen galdetzen dio bere buruari gaztelera maila ezin hobean.

Birala bihurtu da bideoa, ordu gutxiren buruan ia 25.000 aldiz partekatze izan ostean.

Egunotan asko eta askotariko mezuak ikusi ahal izan dira hizkuntza gutxituen alde eta Estatu espainoleko jarrera kontserbadoreek abiatutako sorgin ehizaren aurka. Hemen gure arreta deitu duten mezu horietako batzuk:

Balear Uharteetan ere zalaparta eragin du bertako Gobernuak osasungintzako lanpostu deialdietan katalana jakitea betekizuna izan dadin kaleratu berri duen dekretuak. Sindikatuen %65eko babesarekin ondartu du dekretua baina neurriak eztabaida sorrarazi du erkidegoan.