Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Beharrerako baino aisiarako eguna Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herriko bazter guztiak, Santa Grazitik Biarritzeraino, zuri-zuri iratzarri ziren atzo. Landa eremuetan sarriago ikusten dute elurra, pentzetan ez bada, bederen kaskoetan. Izan ere, elurra jaun eta jabe izan zen atzo, menditik hondartzaraino.

Andere zuriak arazo franko eragin zituen bide sare nagusian, bereziki A-63 eta A-64 autobideetan. Kamioien zirkulazioa tarteka eten behar izan zuten; izan ere, aurrera egiteko baimena jasotzen zutenean, auto pilaketak eragiten zituzten.

Sare nagusia libratzeko lanak goizean goiz hasi zituzten hiru lurraldeetan, ez baitzen lan erraza bigarren mailako bideetatik igarotzea –edota etxeko aldapa autoz jaistea–.

Herritar askok autoa hartzeari uko egin zioten. Beste batzuek bidean amore eman zuten, autoa errepide bazterrean utziz.

Hildako bat Arbonan

Arbonan, berriz, elurrak albiste tristea utzi zuen. 65 urteko emazte bat hilik atzeman zuten bere autoan, irudiz bihotzekoak jota.

Bestalde, Chronobus eta Hegobus sareetako autobus zerbitzuak bertan behera geratu ziren. Ikastetxe askok ateak itxi zituztenez, hiri eta herrietako karriketan zein jolas-parkeetan haur ugari ikus zitezkeen atzo.

Ohol edo boardak eta eskiak baliatu zituzten hainbat kirolarik ezohiko tokietan, esaterako Baionako harresietan. Biarritzeko hondartzan gazte kuadrillak elur borroketan ari ziren bitartean adineko batzuk uretan bainatzen zebiltzan. Arazoak arazo, gozamenerako aukera aparta eskaini zuen elurteak.