Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Natxo Gonzalez olatu handien munduko itzulian izango da 2019an

Aurtengo denboraldian BWWT itzuliko lehiaketa batean parte hartu ahal izan zuen plentziarrak datorren denboraldian lehen mailan aritzeko plaza eskuratu du. Billy Kenper eta Paige Alms munduko txapeldun.

Beste lehiakide batek utzitako hutsunea betetzeko ordezko gisa parte hartu ahal izan zuen Nazaren Gonzalezek, baina ezin hobeto atera zion etekina eskaini zioten aukera paregabeari, lortutako hirugarren postuari esker datorren sasoian (2018/2019) munduko olatu handien lehen mailako zirkuituan (Big Weave World Tour) parte hartu ahal izan baitu.

Aurtengo denboraldiko itzulia lau txapelketek osatzen zuten, baina olatu handien txapelketetan sarri gertatu ohi den moduan gutxieneko baldintzak (9 metroko olatuak) betetzen ez zirenez Maverickseko (Kalifornia) lehiaketa bertan behera geratu zen. Horri esker, lehiakide bakoitzak Nazaren (Portugal) egin zen azken txapelketaren ostean ranking orokorrean zuen postuarekin amaitu zuen aurtengo denboraldia.

Egindako lanaren fruituak

Duela bost urte proba moduan Galea Puntan antolatu zen olatu handien munduko txapelketa irabazi ostean, inoiz halako txapelketa irabazi zuen surflari gazteena bilakatu zen Gonzalez. Garaipen horri esker hurrengo denboraldian lehen mailako lehiaketetan parte hartzeko gonbita jaso zuen, baina ez zuen lehen mailan segitzea lortu.

Hala eta guztiz ere, plentziarrak ez zuen hetsi eta azken urteetan egindako lan bikainak bere fruituak eman ditu, ez baita batere erraza lehen mailan aritzeko postu bat eskuratzea.

Olatu handietako txapelketetan soilik 24 lehiakidek parte hartzen dute eta zirkuituko txapelketa guztietan parte hartzeko ranking orokorreko lehen hamar postuetako bat eskuratu behar da. Plentziarra BWWT rankingeko hamargarren postuan jarri zen Nazareko txapelketan hirugarren postua eskuratu ostean, eta sasoia amaitu denean lehen hamar lehiakideen artean zenez, datorren urtean BWWT itzulia osorik egiteko aukera izango du bizkaitarrak.

Paige Alms

Aurten bigarren aldiz egin da olatu handien nesken munduko itzulia eta iazko lehiakide berak eskuratu du titulu mundiala, hau da, Paige Alms hawaiiarrak. Mutilen kasuan ostera, Billy Kemper izan da garailea, hau ere Maui uharteko surflaria.

Iaz Peahiko lehiaketa bakarrik egin zen, eta Almsek irabazi zuenez, titulu mundiala beretzat izan zen. Aurten, bi txapelketek osatzen zuten nesken BWWT zirkuitua (Pe’ahi eta Mavericks) baina otsailaren 28an Mavericksekoa egiteko itxaronaldi epea amaitu zenez automatikoki aurtengo txapeldun izendatu zuten Paige Alms.

Nesken kategorian esanguratsua izan da Justine Dupont surflari frantsesak lortu duen hirugarren postua, horri esker lehen mailan lehiatzen jarraitu ahal izango baitu datorren sasoian.

Billy Kemper

Mutilen kasuan urtea indartsu hasi zen hemisferioko txapelketarekin. Kai Lenny hawaiiarrak irabazi zuen Puerto Escondido Challenge lehiaketa. Kemper laugarren geratu zen Mexikoko txapelketa hartan. Udazkenean ipar hemisferioko txapelketek hartu zuten lekukoa eta Ian Wals hawaiiarrak irabazi zuen Mauiko Pe’ahi urautsi famatuan egin zuten txapelketa. Kemper bigarren geratu zen.

BWWT zirkuituko azken txapelketa otsailean egin zuten Portugalen eta irabazlea Lucas Chianca brasildarra izan zen. Kemperek berriz ere bigaren postua eskuratu eta ranking orokorrean buru jarri zen. Gauzak honela, Mavericks Challenge bakarrik falta zen, baina egin ez zenez titulu mundiala rankingean lehen postuan zen Billy Kemperentzat izan zen.

Aurtengo denboraldian zalantzarik gabe hawaiiarak nagusitu dira, izan ere lehen lau postuak eskuratu dituzten lehiakideak Ozeano Bareko uharte ospetsuetako surflariak dira.

Kai Lenny, Ian Walsh eta Makuakai Rothmanek bigarren, hirugarren eta laugarren postuan amaitu dute 2017/2018 denboraldia.