Maite Ubiria
BAIONA

CFDT, LAB eta UNSAk zahar egoitzetan greba deitu dute martxoaren 15erako

CFDT, LAB eta UNSA sindikatuek Ehpad egoitzetako langileek pairatzen dituzten lan baldintza txarrak salatzeko beste mobilizazio baterako deia zabaldu zuten atzo, Baionan. Joan den hilabetean kalera atera zituzten aldarrikapenek erantzunik ez dutela izan salatu zuten.

Mendekotasun egoeran dauden pertsonak aterpetzen dituzten Ehpad egoitzetako langileek greba eguna egin zuten iragan otsailaren 15ean. Estatu frantsesean zabalduriko deiari jarraituz, Ipar Euskal Herriko zahar etxeetako langileek dituzten lan baldintza txarrak salatu zituzten. Era berean, egoitzetan bizi diren pertsonek «tratu ankerra» pairatzeko duten arriskuaz ohartarazi zuten langileek, eta kasu askotan egoiliarren eta beraien familien sostengua jaso zutela gaineratu. Bestalde, egoitzetako zuzendariek protesta babestu zuten, Ehpad-en antolaketa eta finantzabide eredua aldatzeko beharra nabarmenduz.

Izan ere, orduz geroztik ezer gutxi aldatu dela nabarmendu zuten atzo, Baionan eginiko agerraldian, CFDT, UNSA eta LAB sindikatuetako ordezkariek.

Joan den hilean Pirinio Atlantikoetako gizarte alorretako RSA zerbitzuko arduradunekin bilera egin bazuten ere, geroztik Ehpad-eko langileek luzaturiko eskakizunei buruz erantzunik ez dutela jaso salatu zuten.

Halere, aldarrikapenak zilegi ez ezik «beharrezkoak ere badira adinekoen bizi baldintzak hobetzeko», oroitarazi zuen Argitxu Dufau LABeko ordezkariak. Langile bakoitzak bere gain hartzen duen paziente ratioa murriztuz eta, ondorioz, zaintzako erritmoak arinduz, «adinekoek merezi duten tratua izanen dute», gaineratu zuen Dufauk.

Hiru sindikatuek agerraldian jakinarazi zutenez, Parisko eta Paueko osasun eta gizarte alorretako arduradunei gutuna igorriko diete Ehpad-eko langileen aldarrikapenak aintzat har ditzatela berriz ere eskatzeko. Bestalde, martxoaren 15eko greba deialdian, Baionako suprefeturaren aitzinean 11.00etan eginen duten elkarretaratzera joateko deia zabaldu zuten.