Patxi GAZTELUMENDI

Ezinezkoa zelan egin erakutsi digu Anton Abbadiak

Loraldia abiatzeko testua prestatu zuen Patxo Telleriak duela lau urte. Aitor Mazo aktoreak egin zuen Anton Abbadiaren papera orduko hartan Arriagan batu ziren zaleen aurrean. 2018an bi funtzio jokatu dituzte Arriaga antzokiko taula gainean. Bi emanaldiotan Txomin Heguy aktoreak, hiru musikariren laguntzaz Anton Abbadiaren papera gaurko egoeratik aztertu eta jendeari Abbadiaren bizitzako pasarteak eta ekintzak aletu dizkio.

Anton Abbadia antzezlana Arriaga antzokia. loraldia.eus
Anton Abbadia antzezlana Arriaga antzokia. loraldia.eus

Mugikorra eta kaskoarekin agertu da Txomin Heguy aktorea taula gainean. Musika aditzen da. XIX. mendean Dublinen sortutako Anton Abbadiaren bizitza kontatuko du, bizipenak, lorpena, erronkak. Ezinezkoa dena nola lortu. Nola bizi.

XIX. mendeko Lore jokoak asmatu zituena omentzen dugu XXI. mendeko Loraldian. Hendaiako labarrean Kantauri itsasotik Irlandako kostara begira bizitzen jarri aurretik baina, munduan barna zelan ibili zen kontatzen du bakarrizketak. Dublinen sortu, aitak inude zuberotar bat eraman titia eman eta euskara erakusteko, eta Londresen ikasi ostean, eskuratu zituen hizkuntza guztien berri ematen du kontakizunak.

Bakarrizketarekin batera, hiru musikari: Mixel Ducau kitarraz lagunduta, alboan duen Alaia Philips alaba kantuan, eta gertu Xabier Zeberio biolinjole tolosarra, kasu honetan Afrikako eta Irlandako doinu batzuk girotzeko nyckeharpa eder batekin.

Ordubete inguru irauten du Patxo Telleriak idatzi eta Oier Guillanek zuzendutako lanak. Eta txalo zaparrada eder batek agurtu du 2018ko Loraldiako lehen ekitaldi nagusia.