Frantziar Estatuak hiru euskal preso politiko gehiago gerturatu ditu Mont-de Marsango espetxera. Josu Urbieta azpeitiarra, Raul Aduna gasteiztarra eta Jon Salaberria donostiarra dagoeneko Euskal Herritik gertuago dagoen Landetako presondegi horretan daude, Etxeratek iragarri duenez.
Josu Urbieta, Raul Aduna eta Jon Salaberria Mont-de-Marsango espetxera lekualdatu dituzte https://t.co/BMqwsfdeVU
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) March 9, 2018
Euskal herritik 550 kilometrotara zeuden Aduna eta Urbieta, Poitiers Vivonneko presondegian. Eta Salaberria, berriz, 830 kilometrotara urrunduta zegoen, Alençongo espetxean.
Duela bi aste Zigor Garro eta Julen Mendizabalekin hasitako bidea jarraitu dute. Oreretarra Saint Maurreko espetxean zegoen eta arrasatearra, berriz, Osnyn.
Bai EPPK-k baita preso bakoitzak, indibidualki, Mont-de-Marsanera gerturatzea eskatu zuten, eta presoen urrunketarekin amaitzea da Ipar Euskal Herriko ordezkaritza batek frantziar Justizia Ministerioarekin izan dituen harremanetan eskakizun nagusietako bat. Bilera horien fruitua izango lirateke gerturatze hauek. Datozen egun edo asteotan beste hainbat espetxetan ere mugimenduak izango direla aurreikusten da.