Elezkano II.ak eta Rezustak lehen urratsa eman dute Binakako Txapelketaren finalean egon ahal izateko. Zaratamoko aurrelariak eta Bergarako atzelariak 18-22 menderatu dituzte Ezkurdia eta Zabaleta Labriten, finalerdietako ligaxkari hasiera eman dion norgehiagokan. Partida gorabeheratsua izan da, aginte argirik izan ez duena, eta saltsa horren erdian Danel Elezkano izan da bere erremateekin neurketa erabaki duena.
Ederki hasi dira gorriak. Zabaletak serio ekin dio partidari eta Ezkurdiak bikain baliatu ditu aurrean izan dituen lehen aukerak. 6-3 aurreratu dira markagailuan, urdinek egindako opari batzuk ere tartean. Baina Rezusta jokoan sartzen joan ahala, Elezkanok airez sartzeko aukera gehiago izan ditu, eta batez ere bolearekin min handia egin dio Ezkurdiari. Zabaletak ere pattalaldi bat izan du, eta 0-8ko partzial bati esker 6-11 aurretik ipini dira.
Pare bat atsedenaldiren ondoren, gorriak bere onera etorri dira eta beraiek ateratako pilotarekin berriz ere jokoan agintzea lortu dute. Ezkurdiaren txapela kentzeko horma-biko bati esker berreskuratu dute sakea, eta apurka-apurka aldeak murrizten joan dira. Ezkurdiak bakarrik ez, tarte horretan Zabaletak berak ere horma-biko ikusgarria sinatu du 10-13koa lortzeko. Etxarrendarrak berak paretean itsatsitako pilota batekin 15-14 aurreratu dira.
Baina une horretan iritsi da dema erabaki duen kolpea. Danel Elezkanok, partida hartzen ari zen tankera ikusita, jokoan gehiago sartzea erabaki du, eta hartutako arriskuek saria izan dute. Zaratamokoak hiru erremate ikusgarri sinatu ditu 15-18 aurreratzeko, eta hortik aurrera gorriak urduri ikusi dira. Sekulako tantoak egin bai, 17-19koa egiteko Ezkurdiaren bi-pareta edo 18-19koan Zabaletak airez sartutakoa adibidez, baina huts galantak ere egin dituzte, eta azkenean 18-22 nagusitu dira urdinak.
«Ikaragarri pozik nago. Ez da partida ona izan, baina emozioa izan du, tentsioa, txapelketako partida izan da. 15nako berdinketarekin Beñatek gehiago sartzeko esan dit eta hortxe sentitu naiz ondoen. Aurreneko pausotxoa eman dugu, baina beste bi partida zail geratzen zaizkigu», adierazi du Danel Elezkanok 548 pilotakada eta 65 minutu iraun dituen partidaren ostean.