Maider IANTZI
Entrevue
ARGITAN EMAKUMEENTZAKO AHOLKU ETXEA

«Erakutsi dugun indarrarekin, gure esku dago borrokan jarraitzea»

Parkean lasai paseatu bitartean egin digu bere balantzea Karmele Andres Barakaldoko Argitan emakumeentzako aholku etxeko kideak. «Oso pozik nago, eta lasai, egin dugun lanak ondorio itzelak eduki dituela ikusita». Kontatu digunez, goizean denda eta taberna batzuetatik pasatu eta batez ere hiri erdian emakumeek itxi egingo zutela konturatu ziren. Hori «magikoa» izan zen. «Hezkuntzan edo osasunean, administrazio barruan dauden emakumeek greba legalki egin ahalko zutela bagenekien, baina saltokietan baldintza prekarioetan ari dira eta aurreko egunetan hitz egiten egon ginen gehienek esaten zuten besoko zapi morea jarriko zutela. Orduan dendak itxita ikustea oso pozgarria izan zen».

Ederra izan zen, Ezkerralde mailako mobilizazioak izanik, metrotik kuadrillak eta kuadrillak ateratzea, Santurtzitik, Portugaletetik, Sestaotik. Herriko ikastetxe guztietatik ere bai. Plaza bete zuten adin desberdinetako emakumeek, ikasle eta irakasleek. «10.000 pertsona baino gehiago bildu ginen Barakaldon, eta 70eko hamarkadan mugitzen zirenei orduko oroitzapenak etorri zitzaizkien. ‘Aspaldi halako mobilizazio bat ikusi gabe’, komentatzen zuten. Uste dut gauza bera gertatu zela leku guztietan. Niri ere burura etorri zitzaizkidan abortuaren kontrako protestak. ‘Historiko’ hitza ez nuen esan nahi, baina oso berezia izan zen».

Antolakuntzaren barrenean gauzak aldatu direla uste du Andresek. «Aurreko hilabeteetan, bileretan, prestakuntza ez da logistikoa bakarrik izan, baizik eta gogoeta, eztabaida. Agian ez gara denak ados jarri baina greba oso irekia izan da, hain zabala, azkenean denok ukitu gaituela. Guretzat lan hori interesgarria izan da. Gazteak emakume helduak mugitzen garen gauza berengatik mugitzen dira».

Greba ez da esparru publikora mugatu, etxe barruan ere egin da. «Hainbeste emakume erreal ikusten ziren –dio irribarrez–. Normalean ez dira mobilizatzen, ez daude antolatuak eta mugitu egin dira».

Biharamunean, bideak ireki behar direla defendatzen du. Ezkerraldean, adibidez, prekaritateak kezkatzen ditu aunitz, eta eskualdeko emakume gisa borroka horretan sartu behar direla pentsatzen du. Atzokoa jarraipen gisa ikusten duela azpimarratu du: «Badakigu nondik gatozen eta nora goazen. Erakutsi dugun indarrarekin, gure esku dago borrokan jarraitzea».M. I.