2017ko apirilaren 8ko egun historikoa, eta bertara iristeko jendarte zibilak izandako protagonismoa, betikotzeko asmoz Koldobika Jauregik ETAren armagabetzea irudikatzeko sortutako 'Aizkora eta arbola' irudia eskultura bihurtuko dute Baionan. Bake Bideak mezenasgo kanpaina abiatu du diru bilketarako eta bere webgunean dakartza ekimenaren xehetasunak.
Armagabetzetik urtea betetzearekin bat inauguratuko dute Baionan kokatuko den 4 x 8 metroko obra. "Denena izanen da, denena izan baitzen armagabetzearen erronka lortu izan", dio Bake Bideak, "garrantzitsua iruditu zaigu obra horren bidez egindako bidearen aztarna bat uztea eta bide artistiko horri esker aztarna hori ondoko belaunaldiei transmititzea".
Iazko apirilaren 9ko GARAren azal berezia hornitu zuen Jauregiren 'Aizkora eta arbola' irudiak. Autorearen esanak jaso ditu Bake Bideak ere irudi hori aukeratzeko arrazoietan: «Irudikapen honetan aizkora biratu egiten da eta bere kirtena berritu egiten da bertatik zuhaitzaren kimua sor dadin. Ezinezko irudikapena da, jadanik aizkorak sekula ez baitu zuhaitzari min egiteko ahalmenik izango, bere zati bihurtu baita».
Urteurrenarekin batera Bake Bideak eta Bakegileek antolatu duten foroaren baitan inauguratuko da eskultura. Apirilaren 6an hasiko dira ekimenak 'Biktimak, sufrimenduak: iraganari aurre egin geroa eraikitzeko' leloa daraman saio batekin. Hurrengo egunean Biarritzen presoen auzian diren erronkak eta perspektibak izango dira aztergai.
Mezenasgo kanpaina
Irudi indartsu hori eskultura bihurtzeko erabakia Bake Bideak eta artistak elkarrekin hartu dute eta Baionako Herriko Etxearen oniritzia du, iragarri dutenez. Hainbat hedabidetan eskulturaren finantzamendua laguntzeko deia argitaratu dute gaur, webgunean jaso dituzte diruz laguntzeko moduak. (Bakebidea.com)