NAIZ+

Normandiara hegan joan ostean, Basaurira itzuli da Eskarabilera

Basauriko jaiak amaitzean zerura botatzen duten Eskarabilera etxera itzuli da, Zigorrak koadrila Normandiara haren bila joan ostean.

Basauriko jaiak bukatzearekin batera adio esaten diote bizilagunek herriko kuttuna den Eskarabilerari, izan ere helioz beteriko puxiken laguntzarekin zerura bidaltzen dute Basauriko jaien ikurra den buruhandia.

Urriaren 15ean amaitu zituzten iazko San Fausto jaiak eta egun horretan jaurti zuten Eskarabilera zeru gainera. Urtarrilean, ostera, Normandiako lurretan agertu zen burua.

Ohiturak agintzen duen moduan Eskarabilera zerura botatzeko ohorea eduki zuen Zigorrak koadrilak ekarri du bueltan etxera eta hain justu, pasa berri den asteburuan egin dute Normandiara joan etorria.

Bertan jakin dutenez, denbora luzea egin omen du Eskarabilerak bertako zuhaitz batean eskegita eta, urte hasieran, neguko haizeak bultzatuta, lurrera erori eta aurkitu zuten.

Euskal Herrira itzulita, Eskarabilera tailerrera eraman dute buruan hartutako kolpea artatu eta datorren udazkenean berriz bidaiatzeko moduan egon dadin.

Iaz ere Eskarabilera Estatu frantseseko lurretan erori zela uste dute; haatik, orduko hartan ez zuten haren buruaren berririk izan. Orain artean, urrutien agertu den herrialdea Txekiar Errepublika izan da.