Maider IANTZI
DONOSTIA
Entrevue
XABIER ALKORTA
EUSKO IKASKUNTZAREN XVIII. KONGRESUAREN ANTOLATZAILEA

«Ikus dezagun zer baliabide ditugun herria behetik gora egiteko»

Eusko Ikaskuntzaren Mendeurreneko eta XVIII. Kongresuko batzorde antolatzaileko lehendakaria da Xabier Alkorta. Bi ekitaldien berri eman digu primizian. Honako galdera planteatu dute: hemendik hogei urtera non egon nahiko genuke? Eta hurrengoa: gauden lekutik horra iristeko zer pauso daude? Erantzunekin planteamendu propositibo bat eginen dute.

Joan den asteazkenean Bilbon egin zuten ekitaldi instituzionalean, sortzaileek Eusko Ikaskuntzarekiko (EI) atxikimendua adierazi zuten. Une garrantzitsuan daudenez –mendeurrena eta kongresua dituzte–, bereziki eskertu dute hori, Xabier Alkortak nabarmendu duenez. Miramar jauregiko EIren bulegoan hartu gaitu, bi hitzorduen berri primizian emateko.

Nafarroako Gobernua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin batera han egotea eta EIrekiko konpromisoa berrestea garrantzitsua izan da, ezta? Kontuan hartuta frankismoaz geroztik erakundeak ez duela nafar eskuinaren babesik izan.

1918an EI jaio zenean orduko Nafarroako Diputazioa, orain Gobernua dena, beste hiru diputazioekin egon zen. Ez hori bakarrik: lehenengo bazkideen ia erdiak nafarrak izan ziren. Zorionez, Nafarroako Gobernua berriro hor dago, hiru aldundiekin, baita Eusko Jaurlaritzarekin ere. Beste datu garrantzitsu bat: Ipar Euskal Herriko elkargo berria EIn sartu da eta kontseilu errektorean dago. Aurten Euskal Herri osoko erakundeak daude EIren kontseiluan. Historikoa da.

Zer egitura du kongresuak?

Euskal Herri osoa daukagu subjektu eta objektu bezala. Hori kontuan izanda, egitura berezia emango diogu. Bost gai ditugu jorratzeko. 2014-2015ean, prozesu ireki baten ondoren, parte hartu genuen 250 pertsonei galdetu ziguten zeintzuk ziren Euskal Herriak zituen erronka nagusiak eta horiei aurre egiteko zer esparru jorratu beharko lukeen EIk. Hortik bost eremu atera ziren: etorkizuna irudikatu; euskararen etorkizuneko agertokiak; gizartea, kultura eta aniztasuna; garapen sozioekonomikoa eta enpresa ereduak; eta lurraldetasuna eta gobernantza demokratikoa. Bost esparru horiekin bost egitasmo sortu dira eta kongresuari begira bost egitasmoak bost lurralderekin lotu ditugu. Baionan hasiko gara, etorkizuna irudikatuz; gero Gasteizera joango gara, euskararen gaiarekin; Iruñera, kultura eta gizartea lantzera; Bilbora, garapen sozioekonomikoarekin; eta Donostiara, lurraldetasuna eta gobernantza demokratikoarekin. Oñatin bukatuko dugu. Azaroaren 23an kongresuaren amaiera izango da eta 24an mendeurrenaren ospakizuna, festa giroan.

Amaierako besta horretaz gain, zein ekintza eginen dituzue mendeurrena ospatzeko?

Bazkideei omenaldia, frankismoaren ondoren erakundea berpiztu zutenei eta lehendakariei; liburu baten aurkezpena, Euskal Herriaren azken 100 urteei buruzko historia jasotzen duena, EIk gertaera handienekin zer lotura izan dituen azalduz; eta antzerki musikatu bat.

Zer motatako kongresua eginen duzue?

Ez da ohikoa izango. Guretzat helburua da bost saio horietan adieraztea azkeneko bi urteotan egin dugun lana. Alde batetik, orain arte gaietan adituak direnek parte hartu dute eta jada liburu berde bat idatzita daukagu. Hemendik udara bitartean bi ariketa ditugu, bat herritarren ahotsa eta nahiak jasotzea eta bigarrena gizarte foro batzuk antolatzea. Herritarren ahotsa jasota borobilduko dugu liburu berdea. Gizarte foroetan, aditu, aritu, akademia, erakunde eta administrazioak gai garrantzitsuen inguruan eztabaidan jarri nahi ditugu. Arlo eta lurralde desberdinetako lagunak elkartuko dira. Ezagutza gaitasunaren aldetik anitzak, baita pertsona eta entitateen profil aldetik ere. Hortik etorkizuneko herri agenda aterako dugu, baita EIrena ere. Horrekin guztiarekin planteamendu propositibo bat egin nahi dugu.

Zeintzuk dira arlo tematikoen arduradunak?

Jean Michel Larrasquet Etorkizuna Irudikaturen arduraduna da; Iñaki Marko euskararena; Julen Zabalo kulturarena; Angel Toña sozioekonomiarena; eta Mario Zubiaga soziopolitikarena. Gai izan gara bi urteko ibilbide honetan 700 pertsona baino gehiagoren partaidetza lortzeko eta hori guztia azaldu nahi dugu orain. Lehen saioan, Baionan, bost egitasmoetako galderak planteatuko dira. Erronka horiek landuko dira beste saioetan, eta erantzunekin eta planteamendu propositiboarekin iritsiko gara Oñatira, azken saiora. Kongresuak leiho bat izan behar du egiten ari garen loturak eta daukagun indar hori kohesio tresna gisa azaltzeko. Alderdien epe motzeko dinamika eta tentsioetatik aparte. Hala errazagoa da. Eremu libreago batean dinamika aberatsagoak sortzen dira. Gainera, azken bi urteotan ikusi dugu hona hurbildu diren pertsonek segitu egiten dutela.

Gai bakoitzean zer erronka sumatzen dituzue?

Herri mailan gure balio partekatuak zehaztu nahi ditugu. Kohesioa eta elkarkidetza dira kontzeptu nagusiak. Jorratzen diren gaiak ezberdinak dira: etorkizuna irudikatzean, aniztasuna eta immigrazioa, teknologia eta globalizazioa lantzen ditugu; euskararen arloan, azterketa egin da zer kapital dituen euskaraz bizi nahi duen edo euskara garatu nahi duen komunitateak, ze aktibo dituen, horretan oinarrituta euskararen etorkizuna sustatzeko. Garapen sozioekonomikoak lehentasuna ematen dio, alde batetik, desoreka sozialari; bestetik, enpresa ereduak oso zahartuak gelditu direla pentsatzen dugu. Hirugarren gaia lurralde garapena da. Aniztasuna ere bai, hedabideak. Gobernantza demokratikoaren inguruan, herriaren kokapena bi estatutan, Europan, eta barruko kudeaketan gobernantza demokratiko batek ze aukera eman beharko lituzkeen. Haria da zer baliabide ditugun herrigintza sustatu eta garatzeko, ahal den modu kohesionatuenean.

Begirada beti etorkizunean.

Horregatik kongresuaren leloa: “Geroa elkar-ekin”. Mezu positibo bat behar du. Gai izan gaitezen zer indargune, zer baliabide, zer tresna ditugun ikusi eta denen artean egiteko. Hor kokatu nahi dugu EIren betebeharra.

Iñaki Dorronsoro EIko lehendakariak hala azaldu zigun abenduaren 31ko ale berezian: «Ez dakit Euskal Herria historian inoiz egon ote den gaur bezain fragmentatua juridikoki eta politikoki. Arazo handia daukagu horrekin».

Lurraldea modu askotara ikus daiteke eta askotan zatiketaren ikuspuntuak baldintzatzen gaitu. Garbi dago bi estatutan gaudela eta hiru eremu politiko-instituzional ditugula. Baina horren barruan herri bat dago eta baditu beste lotura batzuk. Beste hutsune batzuk ere bai. Territorio bat dago euskararena, harreman ekonomikoena, kulturala... Hainbat lurralde dago, hainbat sare eta harreman. Ikus ditzagun. Harremanak oso bertikalak dira. Iparraldean, aldiz, erakunderik egon ez denez, beharrarengatik askoz harreman gehiago dituzte beren artean eta gizartea askoz dinamikoagoa da. Hegoaldean, harreman asko bertikalak dira administrazioarekin. «Hau egin behar da», eta administrazioari eskatzen zaio. Egin dezagun beste ariketa bat, gizarte bezala ze aberastasun eta hutsune ditugun ikusiz, ze baliabide ditugun herria behetik gora egiteko. Orain herriak beste baliabide batzuk ditu, beste ezagutza eta kultura maila bat. Aberatsagoa da prozesua behetik gora egiteko. Askotan, ditugun baliabideak ez ditugu behar bezala erabiltzen. Burua hurrengo belaunaldi batean jarri eta galdetzen dugu: hemendik 20 urtera non egon nahiko genuke? Hurrengo ariketa da gauden lekutik horra iristeko zer pauso dauden.

Gazteak inplikatuta daude?

Bai, saiatzen ari gara herritar mahaietan eta orain arte egin ditugun mintegietan gazteak egon daitezen. Orain erronka da ditugun sareak, bazkideak, parte hartu dutenak, tartean diaspora, nola zabaldu gizarteari eta nola indartu. Jendea animatzen dugu. 2.200 bazkidetik gora ditugu eta kopuru hori ere handitu eta berritu nahi dugu.

 

Hitzorduak

Baiona, urriak 5

Etorkizuna irudikatuz: hezkuntza eta ezagutzaren jendartea

Gasteiz, urriak 19

Euskararen etorkizuneko agertokiak elkarrekin eraikiz

Iruñea, urriak 26

Aniztasuna, kohesioa eta kultura

Bilbo, azaroak 9

Garapen sozioekonomikoa

Donostia,

azaroak 16

Lurralde gobernantza

Oñati,

azaroak 23-24

Kongresuaren itxiera, ondorioen aurkezpenarekin. Biharamunean, mendeurrenaren ospakizuna