Apirilaren 1etik 30era artikuluak sortzen edo hobetzen jardun duten erabiltzaileen artean puntu gehienak jasotzen dituenak Arzak jatetxerako bi lagunentzat gonbidapena jasoko du, gainera.
Puntuak modu honetan banatuko dituzte: 5 orrialde berri bat sortzeagatik, 0,005 gehitutako byte bakoitzagatik; 0,02 hitz bakoitzagatik, 20 bonus puntu 400 hitz gehitzen bazaizkio orrialde bati, 3 puntu erreferentzia berri bat gehitzeagatik eta punt bat aurrez baden erreferentzia bat berrerabiltzeagatik. 15 puntu emango dituzte norberak egindako irudi bat igoz gero eta 5 bestelako irudiengatik. Orrialde bakoitzean ez da 20 puntu baino gehiago emango.
Nola parte hartu? Ezer baino lehen dagokion orrira joan (egin klik hemen) eta saioa hasi. Oraindik erabiltzailerik ez baduzu orrialdearen goian, eskuinean, duzu saioa hasteko aukera. Behin hori eginda parte hartzaileen atalean "Eman izena" aukera agertuko zaizu.
Artikuluei dagokionez zerrenda luzea jarri dute euskarazko artikuluak sortu edo badirenak osatzeko. Elikagaien atalean oinarrizko kontzeptuak, nutrienteak, landare jatorriko elikagaiak... Elikagaien sorrera, antropologia eta gizartea, elikadura eta medikuntza eta sukaldaritza eta gastronomia dira atal nagusiak.
Urtea hilabetez hilabete
Afrikako historiari loturiko artikuluekin hasi zuten urtea Euskarazko Wikipedian, otsailean euskal musika izan zen ardatz eta martxoan emakumeen historia azaleratzeko lanarekin jardun dute.
Elikadura ez bada zure interes bereziko gaia hauek dira hurrengo hilabeteetan proposatuko dituzten gaiak: langileen historia maiatzean, giza sexualitatea ekainean, munduko hiriak uztailean eta abuztuan, nazioartean garatzen ari den 'WikiLovesMonuments' lehiaketarekin bat egingo du euskarazkoak irailean, urrian astronomia izango da ardatza, giza anatomia azaroan eta dinosaurioak abenduan.
>>> ERREPORTAJEA: Euskarazko Wikipediak eraldaketa eta hazkunde garaia bizi du