naiz

Altsasuko gazte eta haien senideekiko elkartasun ekimenek ez dute etenik

Apirilaren 16an hasiko da Altsasuko zortzi gazteren aurkako epaiketak, bi guardia zibilekin izandako liskarraren ondorioz. Senideek eta herritarrek informazio kanpaina zabala abiatu zuten epaiketaren harira, tartean Nafarroari eman dioten bira, eta erantzuna «apartekoa» izan dela nabarmendu dute. Datozen egunetarako elkarretaratzeak, manifestazioak eta kotxe karabana antolatu dira hainbat herritan.

Altsasuko gazteen aldeko martxa Iruñerrian barrena ibili zen joan den asteburuan. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Altsasuko gazteen aldeko martxa Iruñerrian barrena ibili zen joan den asteburuan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Altsasuko gazteen auziaren ingutuko informazioa zabaltzeko Altsasuko herriak eta bertako 49 elkarte eta taldeek Nafarroako eskualde guztietatik bira burutu dute Otsailaren 24ean hasi eta hilabete iraun duen ekimenean. Helburua giza-eskubideen eta demokraziaren printzipioen aldarria modu presentzial eta anitzean hedatzea izan dute, Nafarroako gizarteak mezu hauen inguruan sentsibilizatu eta konprometitu zedin.

Herritarren erantzuna «apartekoa» izan dela nabarmendu dute, orotara 12.000 pertsonatik gora lagunek parte hartu dutela azpimarratuz. Jakinarazi dutenez, «laguntza talde ugari osatu dira» Nafarroan zehar. «Lanean dihardute gure mezua hedatzeko eta hamaika ekimen berri antolatzen ari dira». Zentzu horretan kokatu dituzte Lizarraldean, 20 udalerritan, antolatu diren elkarretaratzeak, edota Tafallan apirilaren 7an burutuko diren ekitaldi eta manifestazioa. Gainera, apirilaren 7ko goizean kotxe karabana bikoitza izango da, Irurtzun eta Ziordiatik 11:30ean eta Arbizun 12:30ean eginen dute bat.

Ez dituzte ere Gasteizen edo Bilbon egindako mobilizazio jendetsuak ahantzi nahi izan. «Bihotzez eskertu nahi ditugu elkartasun olatu hau eta kasu honen gakoak zein jasaten ari diren giza-eskubideen zapuzketa hauek geografian zabaltzeko egiten ari den lan guztia».

«Gizartearen adierazpen hau, ez da soilik pertsona eta familia batzuei zuzenduriko elkartasuna, demokraziaren balore eta printzipioen eta giza-eskubideen defentsa ere izan dela pentsatzen dugu», adierazi dute.Ibilbide honetan sakontzeko beharra azpimarratu dute eta, horretarako, apirilaren 14an Iruñeko Golem zinemetatik abiatuko den manifestazio jendetsuan parte hartzera deitu dute.

Zortzi gazteen aurkako epaiketa  hilaren 16an abiatuko da eta 19 eta 26ean, 19:00ak aldera, herri desberdinetan ‘Justizia nahi dugu. Ez da terrorismoa. Altsasukoak aske’ lemapean elkarretaratzeak egitera animatu dute gizartea.