Hasi berri den apiril honetan, 29. espetxe urtea hasiko dute Xistor Haranburu, Jakes Esnal eta Ion eta Unai Parot presoek.
Bizi duten «injustizia» salatu du Bagoaz kolektiboak, eta gogoratu du espainiar zein frantziar estatuek zigor zorrotzak ezarri zizkietela: Ion Parot, Txistor Haranburu eta Jakes Esnali bizi osorako zigorra ezarri zien Parisko auzitegiak eta Unai Paroti aldiz, 40 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Goren espainiarrak.
Ezarri zizkieten zigor horien baitan, Ion Parotek 15 urte bete behar zituen fermuki eta 18 urte Haranburu eta Ensalen kasuan. Fermuki bete behar zuten zigorra «aspaldi» bete dutela eta, hortaz baldintzapeko askatasuna eskatzeko «eskubide osoa» dutela adierazi du kolektiboak. Hala ere, eskaera guztiek ezezko erantzuna jaso dutela azaldu dute.
Ibon Goieaskoetxearen etxekoek Arlesko espetxera bidean izandako istripua ere gaitzesteaz gain, «norbanakoaren eskubideak urratuko ez dituen justizia bat» aldarrikatu dute.
Mobilizazioak: A14 eta E16
Era berean, bi hitzordu jarri dituzte mahai gainean: apirilaren 14a eta ekainaren 16a.
Aurreneko dataren kasuan, hamar elkarretaratze egingo dituzte, goizeko 11.00etan hasi eta eguerdira arte Baiona, Angelu, Biarritz, Bidarte, Getaria eta Donibane Lohizuneko puntu desberdinetan.
Ekainaren 16an, aldiz, Haranburu, Esnal eta Parot anaien zein «libre egoiten ahal diren guzien» askatasuna aldarrikatzeko manifestazio handia egin asmo dutela jakinarazi dute.