NAIZ
BILBO

Astelehenean hasiko da 2015ean Bilbon ustez emazte ohia hil zuen gizonaren aurkako epaiketa

Heldu den astelehenean hasiko da Bizkaiko Auzitegian 2015eko abuztuan bere emazte ohia hiltzea leporatzen dioten gizonaren aurkako epaiketa. Bost gizon eta lau emakumek osatuko dute herri epaimahaia. Hasiera batean heriotza auto batek eragin ziola uste zen, baina ikerketak aurrera egin ahala indarkeria matxistaren hipotesia nagusitu zen.

Leire Rodriguezen gorpua topatu zuten tokia. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Leire Rodriguezen gorpua topatu zuten tokia. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Bizkaiko Auzitegian astean hasiko da Leire Rodriguez bere emazte ohia hiltzea leporatzen dioten gizonaren aurkako epaiketa. Gaur osatu da herri epaimahaia –bost gizon eta lau emakume aukeratu dituzte, eta haien ordezkoak–, eta astelehenean izango da epaiketaren lehen eguna. Akusatuak egun hrretan bertan deklaratzea espero da, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak azaldu duenez.

Fiskaltzak 23 urteko espetxe zigorra eskatzen du gizonarentzat, hilketa egotzita, eta herri akusazioak –Clara Campoamor elkarteak–, berriz, 25 urteko zigorra.

Leire Rodriguez arrigorriagarra, 34 urtekoa eta bi seme-alabaren ama, 2015eko abuztuaren 8ko goizaldean aurkitu zuten Bilboko Abusu auzoan, errepide bazter batean, hilda. Auto batek harrapatu zuen zantzuak zituen, eta ikerketa abiatu zuten.

Egun batzuk geroago, bere senar ohiak –dibortziatzeko tramiteak egiten ari ziren– trenbidera bota zuen bere burua, ustez bere buruaz beste egin nahian. Ordu batzuk lehenago Ertzaintzaren komisaldegian hitzordua zuen, baina ez zen agertu.

Ertzaintzaren arabera, indarkeria matxista kasua izan zen heriotza hura. Ikerketak jaso zuenez, senarrak hil zuen emazte ohia, buruan eman zion kolpe batez. Ondoren, bere autoarekin harrapatu zuen behin eta berriro, istripuaren itxura izan zezan. 

Epaiketa apirilaren 18ra arte luzatuko da.