GARA
BILBO

Leire Rodriguezen epaiketa astelehenean hasiko da

Astelehenean hasiko da Leire Rodriguez bilbotarraren senar ohiaren kontrako epaiketa. Fiskaltzak 23 urteko zigorra eskatzen du, 2015ean emazte ohia hil eta auto batek harrapatu zuela simulatzea egotzita.

Atzo izendatu zituzten Leire Rodriguezen hilketaren inguruko auzian epaimahaia osatuko duten kideak, bost gizon eta lau emakume. Bilboko emakumearen senar ohia epaituko dute, datorren astelehenean hasita, 2015eko abuztuan Rodriguez hil eta auto batek harrapatu zuela simulatzeagatik Abusu auzoan.

Astelehenean deklaratuko du akusatuak, eta epaiketa aste osoan eta apirilaren 16ko asteko lehen hiru egunetan izango da, Bizkaiko Auzitegiko lehen sekzioan, Bilbon. Epaimahaiko bederatzi lagunez gain, beste gizon bat eta emakume bat ere aukeratu zituzten atzo ordezko izateko. Akusatuak Fiskaltzaren 23 urteko kartzela zigorraren eskaerari egin beharko dio aurre. Gaur egun behin-behineko espetxealdian dago gizona.

2015eko abuztuaren 7an gertatu zen hilketa. Fiskaltzaren behin-behineko ondorioek diotenez, gizonak ez zuen onartu bikote harremana bukatzea eta Bilboko Ollargan auzoan zegoen Leire Rodriguezen etxera joan zen hura hiltzeko asmoz. Fiskaltzaren arabera, aurretik hiru aldiz (azkena egin baino gutxi lehenago) eskatu zion ezagun bati asmo hori betetzeko laguntza eta ezagunak ez zion eman.

Iturri berberen arabera, krimena egin zuen gauean gizona emakumearen etxean sartu zen umeen inguruan solas egiteko aitzakiarekin. «Ezustean eta defendatzeko aukerarik eman gabe» ahoa eta sudurra estali eta komunera eraman zuen emazte ohia. Buruan kolpekatu zuen baineraren koskarekin, konortea galdu zuen emakumeak eta hala eraman zuen autora eta handik Abusu auzora. Oraindik bizirik zegoela, bide bazterrean utzi zuen, eta gero, auto batek harrapatu zuen itxura egiteko, biktimaren gainetik pasatu zuen bere autoa eta hala hil zuen.

Rodriguezen gorpua biharamunean aurkitu zuten bertatik pasatu ziren herritar batzuek. Gizona aldirietako tren batek harrapatu zuen egun horretan bertan, Ollarganen. Eskumuturretan ebakiak zituen eta labana bat topatu zioten, bere buruaz beste egiten saiatu zen seinale.